Azaroan abiatuko da Pío XII.aren korridore jasangarriko lanen azken fasea, Gaztelugibeletik Navas de Tolosa kaleraino

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 17a, 20:14

Aurreikusitako epeak betetzen ari dira. Urte amaieran bukatuko dituzte lanak. 1,6 milioi inbertituko dira.

 

Bi hilabete eta erdi barru amaituta egongo da Pío XII.aren korridore jasangarria. Joan den uztailean ospitale-eremuan abiatu ziren hori egiteko lanak, eta gaur-gaurkoz, zazpi faseetako (0tik 6ra zenbakituak) lau burutu dira, hasierako kronograman aurreikusitako epeekin bat.

Lanak zirkulazioa eten gabe egiten ari dira, salbu eta asfaltatze-lan jakin batzuen kasuan. Ez dira villavesen ibilbideak eta geralekuak moldatu, eta bermatzen ari dira etxebizitza eta garajeetarako sarbideak. Aurreikuspena da lanak Basotxoko eremuan amaitzea, abenduan, horrela lotura guztiz osatuz Irunlarrea kaletik (Mendebaldea) Alde Zaharraren hasieraraino. Udalak guztira 1.595.073 euro inbertituko ditu lan horietan.

Gaur goizean, Hirigintza Batzorde eta Gerentziako kideek, Joseba Asiron Iruñeko alkatea buru zutela, etorbide nagusi hori bisitatu dute, zeinean uneotan lanen 4. fasea gauzatzen ari den, alegia, urrirako aurreikusitakoa (Iturramako elkargunetik Gaztelugibeleko bidegurutzera). Bertatik bertara ezagutu dute lanetan bertan paratu den bulegoa, zabalik egongo dena esku-hartze osoa gauzatu bitarte, tarte bakoitzeko bizilagun, langile eta enpresarien zalantzei erantzun emateko. Horrez gain, informatzaileek funtzio proaktiboa dute lanen fase bakoitzaren hasieran. Eskuratutako estatistiken arabera, lanen 15 lehen egunen ostean kontsultek behera egin dute arian-arian, eta kontsultak eguneko 10etik bira murriztu dira (telefonoz zein aurrez aurre).

Etorkizuneko korridore jasangarriaren 2/3 ikus daiteke dagoeneko

Oro har, gutxi gorabehera planifikatutako korridore jasangarriaren bi heren baino gehiago gauzatu ditu esku-hartzeak, dagoeneko. Zenbait gunetan lorezaintza eta zoladurako azken ukituak falta badira ere, jada lanak amaitu dira, oro har, Pio XII.aren eta hiru bide nagusien arteko elkarguneetan: Nafarroa etorbidean, Iturrama kalean eta Pío XII.aren eta Antso Azkarraren elkargunean. Nafarroa etorbidearen eta Antso Ramirez zein Pedro I.aren kaleetara sartzeko gunearen artean dagoen zatia erabat burutu da, nahiz eta tarte horretan oraindik garraio publikoko geralekua birkokatu eta seinaleztapen etzana amaitu behar den.

Uneotan, bisitariek ikusi ahal izan dutenez, Errioxa kalea eta Antso Azkarraren etorbidearen artean dagoen tarteko lanak abiatu dira, eta baita ere, azken elkargune horretatik Urdazubiko Monasterioaren kaleko bidegurutzera (Iturrama berriaren parean) doan tartekoak. Hilabete honetan ere, esku-hartzea bidegurutze horretatik Gaztelugibelerainoko tartera iritsiko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!