Bertsotan inprobisatzen da gurean. Baina mugetatik kanpo badira milaka modu inprobisazioari eragiteko. Musikarekin lagunduta, kantuan, bakarrik edo taldeka. Horixe eskainiko du Nazioarteko Inprobisatzaileen Birak: alegia, inprobisazio modu desberdin horiek ezagutzeko aukera. Gau hasiko da bira, 19:00etan, Zentral aretoan.
Bertako Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariak ikusi eta entzunen ditugu oholtzan, baina baita atzerritik etorriko direnak ere: Tomasita Quiala repentista kubatarra eta Araceli Argüello payadore argentinarra izanen dira. Iker Iriarte arituko da gai-jartzaile, eta sortzaileek elkar uler dezaten, Maddalen Arzallus eta Irati Majuelo itzultzaile-bertsolariak izanen dira oholtza gainean.
Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira urriaren 14ra arte luzatuko da. Gaurkoaren ondoren, Erandio, Hernani, Gasteiz, Baiona eta Donostian izanen da. Hiri horietan guztietan egonen dira Tomasita Quiala eta Araceli Argüello, eta txandakatuz joanen dira Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jone Uria, Xabi Igoa eta Julio Soto bertsolariak.
Hizkuntzak desberdintzen ditu bertsolariak eta beste herrialdetako inprobisatzaileak, baina ez horrek bakarrik. Inprobisatzeko modu asko daudela argi geratuko da bira honetan. Iruñeko Udalak lagunduta Mintzola Ahozko Lantegia eta Lanku Kultur Zerbitzuak ari dira antolaketa lanetan.