Iruñeko Udalak babestu egin du espetxearen orubea 'Intsumisio Parkea' izendatzea

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 5a, 08:46

EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerrak babestu zuten izendapen hori, PSN abstenitu egin zen eta UPNk aurkako botoa eman zuen. Bihar eginen dute izen-emate ekitaldia eta oroitarria ere jarriko dute. 

'Intsumisio Parkea' izanen da bihartik aurrera Iruñeko espetxe zaharra zegoen orubea. Eta gainera, oroitarria jarriko dute desobedientzia zibilaren bidez sodaduzka egiteari uko egin eta preso hartu zituzten haiek gogoan izateko. Iruñeko Udalak osoko bilkuran babestu egin zuen ekimen hori: EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Ezkerrak babestu zuten, PSN abstenitu egin zen eta UPNk kontrako botoa eman zuen. 

Osoko bilkuran zenbait insumisok hartu zuten parte gonbidatuen eserlekuetatik. Argiñe Salanuevak hitz hartzeko aukera ere izan zuen. Salanueva Unai Salanueva insumiso izandakoaren arreba da eta eskerrak eman zituen ekimena babesteagatik. 

Bihartik aurrera 'Intsumisioaren Parkea'

Larunbatean eginen dute izen-emate ekitaldia. Lehendabizi kalejira bat antolatu dute Baratxurien plazatik espetxe zaharra zegoen oruberaino, bide hori bera egiten baizuten ostegunero espetxean zeuden intsumisoei babesa ematen zieten bizilagunek. Eguerdian izanen da inaugurazio ofiziala eta gero Tonito Carotone kantaria izanen da. Intsumiso izan zirenak eta nahi duen guztiak bazkaria izanen du ondoren, Geltokin. 

Egitaraua:

  • 11:00etan Kalejira Intsumisoa eginen dute Baratxurien plazatik espetxea zegoen tokiraino. 
  • 12:00etan inaugurazioa.
  • Tonino Carotonek kantatuko du.
  • 14:30etan Bazkaria eginen dute Geltokin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!