Iruñeko 8-80 Plataformak iragarri duenez, premiazko eskaera aurkeztuko dute arratsalde honetan trafiko istripuek eragindako heriotzak gutxitzeko hainbat neurri proposatuta. Besteak beste, eta astelehenean auto batek harrapatuta hil zen umearen auziaren harira, eskola inguruak bizitegi-gune izendatzea eskatuko dute.
Lehenik, plataformak doluminak eman dizkio mutikoaren familiari, lagunei eta eskolari. Aitarekin Atarrabia etorbideko zebra-bidea gurutzatzen ari zela, auto batek harrapatuta hil zen lau urteko mutikoa.
Plataformak azaldu du premiazko eskaeran eskola inguruak "neurri urbanistikoekin babesteko" exijituko diote Udalari, "ez bakarrik semaforo eta udaltzainekin".
Beste eskaera hauek ere egingo dituzte: "eskola inguru guztiak bizitegi-gune izendatzea" eta Udaltzaingoak "bereziki zaintzea eskoletako irteera eta sarrera orduetan bigarren ilaran aparkatzearen debekua". 8-80 Plataformaren esanetan, "neurriok ezinbestekoak dira ezbeharrak eta heriotzak saihestko".