“Emakumeak eta klima aldaketa. Nafarroa 2018” topaketak emakumeek politika berrietan duten zeregin aktiboan sakonduko du

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 3a, 20:15

Ekitaldian parte hartzeko izena emateko epea urriaren 10ean bukatuko da.

Emakumeek politikatik, ezagutzatik nahiz aktibismoaren esparrutik klima-aldaketaren arloan egindako ekarpenak ezagutzera eman eta herritarrei gogoeta aktiboa egitera gonbidatzea da urriaren 15 eta 16an Iruñean antolatuko den topaketa honen helburua.

Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek gogoratu duenez, “klima-aldaketa da gure bizimodua jasanezina dela erakusten duen froga nabaria: jasanezina ingurumenaren, ekonomiaren nahiz gizartearen ikuspegitik”, eta “behar den eredu-aldaketara iristeko eta klima-aldaketaren erronkari behar bezala heltzeko, emakumeen egitekoa funtsezkoa” dela esan du.

Politikariak, zientzialariak eta aktibistak bilduko dituen topaketa hau irekita dago klima aldaketaren inguruko gaietan interesatuta dauden pertsona guztientzat, baina antolaketa arloko arrazoiak direla eta, nahitezkoa da urriaren 10a baino lehen aldez aurretik izena ematea horretarako egokitu den webgunearen bitartez.

Egitaraua

Topaketak bi jardunaldi izanen ditu, hilaren 15ean eta 16an. Astelehenean, urriak 15, “Emakumeok Klimaren alde. Nafarroa 2018” deklarazioa lantzen jardungo duten parlamentariei, gobernu automoetako kontseilari eta zuzendari nagusiei, biltzarkideei, senatariei, alkateei eta zinegotziei zuzendutako lan-saioa antolatuko da Nafarroako Parlamentuan.

Asteartean, hilak 16, jardunaldia Baluarten egingo da, interesatuta dauden pertsona guztientzat irekita, eta bi mahainguruk osatuko dute. Lehendabizikoan, klima aldaketa ezagutzaren eta gizarte-mugimenduen ikuspegitik aztertuko da, WfW sortu zuen Alice Bouman-Dentener eta Uxua López Flamarique nafar ikertzailearen parte-hartzeaz. Bigarrenean, Estatu nahiz eskualde mailako politikariek parte hartuko dute, eta bertan, Valentziako Generalitatek, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak eta Iruñea, Tutera, Gasteiz eta Bergarako udalek bultzaturiko ekintzak emango dira ezagutzera.

Topaketako hizlariek klima aldaketari loturiko hainbat esparrutan lan egiten dute. Adibidez, María Neira “munduko mediku” ezagunak airearen kalitatean lan egiten du; Alice Bouman-Dentenerrek uraren inguruan, betiere emakumeentzat ura bizitza, saneamendua eta duintasuna dela kontuan harturik; Asun Ruizek, SEO/Birlife erakundetik, kontsumoari balio etikoak gehitu eta balio horiek aitortuko dituen gizarte-eredua proposatzen du; eta Cristina Mongek gogoratzen du klima aldaketak behartsuenei eragiten diela nagusiki, eta behartsuen % 70 emakumeak direla.

Den-denak hainbat esparrutatik eta Estatuko zein nazioarteko erakunde garrantzitsuetatik era aktiboan lan egiten duten emakumeak dira, Osasunaren Mundu Erakundea (OME), 2030 Agendarako Goi-Mandataritza, ECODES eta zenbait udal tarteko direla. Hizlariek eta bertaratutakoek klimari buruzko maila guztietako ezaguerak, kezkak eta lorpenak partekatuko dituzte topaketan, klima aldaketaren kausak arintzeko eta horren ondorioetara egokitzeko eragile zuzen eta aktiboak bezala, nahiz ondorio horiek dakartzan arazoen konponketari begira.

Arratsaldean, topaketaren osagarri gisa, Nafarroako Emausko Trapuketariek Berriozarren duten Berrerabilpen eta Birziklapenerako Prestaketa Zentroan bultzaturiko “Arréglatelas” izeneko ekonomia zirkularreko autokonponketa tailerra ikusteko aukera izango dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!