Hegazti harrapariak erabili dituzte Gazteluko plazan gero eta gehiago diren usoak uxatzeko. Eta kexu azaldu da ekintza horren aurreran Gurelur, diru asmorik gabe natur balioen babesa eta zabalkunde lana egiten duen elkartea da. Hegazti harraparien erabilera da gaitzetsi dutena, bereziki: "Hegazti horiek tratu txarrak pairatzen dituzte. Usoak uxatzeko lana ikas dezaten, gela ilunetan izaten dituzte lotuta". Gainera, ez da eraginkorra erabili duten "teknika" hori usoek alde egin dezaten: "Unean unean alde eginen dute usoek, baina, ez dute luze iraunen Gazteluko plazatik urrun. Uso berberak itzuli eginen dira edo beste batzuk iritsiko dira", esan dute Gurelur elkartetik ohar batean. Ingurumen saileko utzikeria, ezjakintasuna eta sentsibilizazio falta kritikatu dute.
Diru publikoa xahutzen aritzea ere leporatu diote Udalari. Gogoan izan dute zenbait urtetan bestelako moduak erabili dituztela usoak uxatzeko eta ez dute ulertzen zergatik eraginkorra zen metodoa ez duten berriz erabiltzen. Fauna kontrolatzeko neurri eta baliabide ugari daude, baita, talde ugari adituak gai horretan. Horietara jo ordez aukerarik txarrena hautatu dutela salatu du Gurelurrek.