Irribarredun poltsa, merkataritza txikian erostearen truke

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 25a, 13:14

Iruñeko merkataritzak kanpaina berria abiatu du, eta bezeroen artean banatuko ditu 40.000 poltsa berrerabilgarri, irribarre zabal baten irudiaz diseinatuak, halako establezimenduetan ematen den gertuko tratu pertsonal, atsegin eta profesionalaren erakusgarri.

Iruñeko merkataritzak kanpaina berria abiatu du, eta bezeroen artean banatuko ditu 40.000 poltsa berrerabilgarri, irribarre zabal baten irudiaz diseinatuak, halako establezimenduetan ematen den gertuko tratu pertsonal, atsegin eta profesionalaren erakusgarri. Udalak sustatu du ekimena, hiriko bederatzi merkatari-elkarteekin batera: Alde Zaharra, Zabalgunea, Iturrama, Martín-Azpilcueta, Mendillorri, Donibane-Ermitagaña-Mendebaldea, Arrotxapea, Sanduzelai eta La Txan.

Iruñeko merkataritza, erosketak baino gehiago kanpainan hirian barna dauden 600 establezimenduk parte hartzen dute, azpimarratu nahian erosketak egitea aisialdi-jarduera bat dela, ibilaldi bat askotariko dendetan barna, gastronomia-dastatze goxoekin amaitu daitekeena.

Kirol, kultur eta gastronomia arloan izen handia duten hainbat pertsona izan dira kanpainaren aurkezpenean: Miguel Indurain, txirrindulari profesional ohia; Enrique Martín, Osasunako jokalari eta entrenatzaile ohia; Baserriberri jatetxeko Iñaki Andradas; Rodero jatetxeko Koldo Rodero; Adriana Eransus, azken sanferminetako kartelaren irabazle eta diseinatzailea; Susana Rodriguez, idazle eta kazetaria; Maite Sota, idazlea eta pediatra, eta Sagrario Alemán, helduen euskalduntzearen sustatzailea eta Euskaltzaindiko kidea.

Poltsak kanpainari atxikitako establezimenduetan erositakoan banatuko dira. Mezu bikoitza helarazi nahi da haien bidez: batetik, betiko saltokietan erostea saritzen da, eta bestetik, pedagogia egiten da plastikoaren desagerpenari begira, hurrengo egunetan erosketak poltsa horrekin egitera animatuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!