Iruñeko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, euskara hirian normalizatu eta sustatze aldera. Udalak guztira 12.000 euro emango dizkio Euskaltzaindiari 2018. urte honetan, herritarren artean hizkuntza sustatzeko jarduerak egin ditzan, hala hiztun kopuruarekin lotutakoak nola hizkuntza-erabileraren kalitate linguistikoa ardatz dutenak.
Hitzarmena Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Andres Urrutia Euskaltzainburuak sinatu dute. Sinatutako testuan jasotakoarekin bat “Euskaltzaindia Iruñeko Udalari aholkularitza emateko zereginetan arituko da, euskararekin zerikusirik duten hizkuntza-aferez bezainbatean”. Halaber, erakundeak “hizkuntzaren inguruko zerbitzuak emanen ditu –hala bere bulego nagusietatik nola Iruñean daukan Nafarroako ordezkaritzatik– herritarrek halakoak eskatu ahala: argibideak eta hizkuntza-aholkuak, txostenak eta ziurtagiriak”.
Hitzarmenean ezarritakoarekin bat, Euskaltzaindiak kultur hedapenerako jarduerak, ikastaroak, hitzaldiak eta abar bultzatuko ditu, erakunde eta elkarteekin elkarlanean. Euskaltzaindiak Iruñeko Udalari emanen dizkio sustatzen dituen argitalpen, aldizkari edo edizio bakoitzaren hamaika ale, betiere halakoak hitzarmenaren esparruari dagozkion gaiei buruzkoak baldin badira. Argitalpen horien hartzaileak Iruñeko udal-liburutegi publikoak (10 ale) eta Udaleko Euskara Zerbitzua (ale bat) izanen dira.