Aldapako sanferminetan gaztetxearen jarduna kritikatzera hurbildu zen Ana Beltran

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 24a, 07:51

Ana Beltran Alde Zaharrean izan da asteburuan.

Bertatik bertara ezagutu nahi zuen PPko buruak gaztetxea egiten ari zena sanfermin txikiko jaietan. Jendetza zen Nabarreria plazan eta ez zuen lortu Beltranek Maravillasen ateraino iristea. Beherago egin zizkien adierazpenak komunikabideei. Erakutsi nahi zuen jazartua izan zela jaietan, baina, halakorik ez zuen lortu.

Eguerdia baino lehenxeago hasi zen hurbiltzen PPko buru Ana Beltran Alde Zaharrera. Gaztetxeko atariraino hurbildu nahi zuen komunikabideei adierazpenak egin nahian. Maravillasek sanfermin txikitan aurreikusia zuen kritikatzera joan nahi zuen atariraino. Zaila izan zuen bertaratzea dagoeneko Nabarreria plaza beterik aurkitu zuelako. PPko ordezkariek erabaki zuten beherago geldituko zirela adierazpen horiek egiteko. Eta hala egin zuten. Hiru minutu behar izan zituen Beltranek kazetariekin hitz egiteko. Gaztetxeaz kritiko aritu zen beste behin Beltran, eta kazetarien galderarik gabe amaitu zuen bere hitzartzea. 

Jai giroa zuen aldamenean Beltranek. Albotik pasa zitzaizkien herritarrek ez zuten ezagutu. Zenbaitzuek kamerak ikusita jakin zuten nor zen Nabarreria karrikan zegoen emakume hura. Baina inork ez zuen deus esan. Baten bat ausartu zen Beltrani eskatzera zor zuena ordaintzeko, baina, ez besterik. Bestelakorik espero zuen agian PPko buruzagiak, baina, herritarrak ospakizunetan zeuden, ez besterik. Beltranek eta PPko beste hainbat kidek ere aprobetxatu zuten Alde Zaharrean zirela pote bat hartzeko, Nabarreriako taberna batean. Arazorik gabe. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!