UPNk aurkeztutako adierazpen bat onartu du gaur Iruñeko Udaleko Presidentetza Batzordeak. Idazkian, udalari eskatu diote "neurriak har ditzala" Sanfermin txikiek irauten duten bitartean, Rozalejo markesaren jauregian "orotariko jarduerak, eta batez ere, ostalaritzakoak galarazteko". Adierazpen instituzionala aurrera atera da UPN eta PSNren aldeko botoekin. Aranzadik kontra bozkatu du; eta Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerra abstenitu dira. Testuan UPNk dio Rozalejoko markesaren jauregiko okupek ostalaritza negozio bat dutela, eta kontzertuak, ostalaritza-jarduerak eta lanak egin dituztela, zergarik ordaindu edota baimenik izan gabe.