Akordioa erdietsi dute azkenean. Aldaketak txertatuta ia sei milioi euroko inbertsioa eginen du Udalak. Geroa Baik, EH Bilduk, PSNk, Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak babestu dute inbertsio proposamena. Udal taldeak aurkeztua izan da eta uztailean aurkeztutakotik aldaketa zenbait ere jaso dituzte, bereziki hiru arlotan: Emakumeen Etxerako inbertsioa handituko da, Labriteko bidea jasangarria izanen da eta Arrosadian Auzo Unitaterako inbertsio handiagoa bideratuko da. Hiru horiek eragin zuten laukoaren haustura uztailean eta oraingoan inbertsio gehiago bideratzea erabaki dute Geroa Baik eta EH Bilduk.
Inbertsio handiak alor desberdinetarako
1.000.000 euro etxebizitzak eraberritzeko erabiliko dituzte; 725.000 euro auzoak hobetzeko; 500.000 euro ikastetxeak ontzeko edota 450.000 bide-zoruak hobetzeko. Horiei gehitu behar zaizkio beste 900.000 euro uztaileko osoko bilkuran onartutakoak: 250.000 euro baliatuko dituzte Alfredo Floristan plazako estalkia konpontzeko; 250.000 euro Urdanoz Taldearen sarbide hobetzeko; 100.000 euro Sanduzelaiko Civivoxa egokitzeko eta komun publikoetarako 100.000 euro.