Trinitariosko pump track pista berria irail honetan irekiko dute, kirol eta jolaserako gune bat eskaintzeko herritarrei. 30 roller eta hainbat altuera zein luzeratako sei saltoz osatuta egongo da, hala sortuta bihurgune, peralte eta izurtutako eremuen segida bat, bizikleta, skate edo irristailuekin gozatzeko modukoa. Horrez gain, haurrendako pump track xumeago bat izango du alboan, obalo formakoa, 5 roller –horietako bat bikoitza– eta tranpal batez osatua, txikienei eskaintzeko hastapen-maila horretan errazagoak eta seguruagoak diren zenbait aukera.
Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeak gaur goizean bisitatu ditu ia-ia amaiturik dauden obrak. Azken ukituak baino ez dira falta: argi-konexioak egitea, instalazioaren deskribapena eta hura erabiltzeko segurtasun-arauak dituen kartela paratzea eta soropila berriz jartzea. Iruñeko Udalak 157.796 euro inbertitu ditu guztira pisten obretan, ingurunea urbanizatzeko lanen 78.283 euroez gain, pistak inguruarekin lotzeko bideak trazatu baitira. Pump Track Park SLU enpresak gauzatu ditu pista egiteko lanak, eta urbanizatze-lanak, Construcciones Hermanos Lacunzak.
Pista berria Trinitariosko parkeko berdegunean kokatuta dago, Biurdana kaleak, Gipuzkoako etorbideak eta Arga ibaiak mugaturiko aldean, Kosterapeko pasealekuaren inguruetan. Guneak 2.100 metro koadroko azalera hartzen du. Udalak inguru horretan kokatu du pista Trinitariosko parkean kirol eta aisialdirako eremu erakargarri berria sortzeko asmoz; izan ere, eremu horretan, pump track pistarekin batera, ondo-ondoan egiten ari diren trenaren parkea dago, autokarabanen eremua hurbil dago eta, baita ere, Taconera parkean eraikiko den haurrendako jolasgunea.
Bi pista, bihurguneak eta ibilbideak
Pistak 1.377,85 metro koadroko luze-zabala du. Bi pista daude: jada trebatuta dauden 12 urtetik gorakoendako bat, eta bestea, 3 eta 12 urte bitartekoendako. Pista nagusia errektangularra da, 40 x 50,25 metrokoa, eta bide eta egoteko leku batzuek inguratzen dute, Trinitariosko parkeko ibilbide perimetralekin konektatuta.
Instalazioan bizikletak, skateak, irristailuak eta patineteak erabili ahalko dira. 20 erabiltzaile aritu ahalko dira aldi berean, 10 haurrendako pistaren kasuan. Zirkuituaren akabera asfaltoz egin da, eta barneko eremu eta ezpondetan soropil naturala zein artifiziala paratuko da. Pump trackaren ibilbideko ezpondak erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko diseinatu dira, zirkuitutik ateraz gero.
Helduendako pistaren ibilbidea hainbat tarte zuzen ditu, eta bihurguneak eskuinera zein ezkerrera, oztopoen diseinu ezberdinekin, horrela barietate eta aukera gehiago eskaintzeko instalazioa erabil dezaketen kirol-modalitate ezberdinetako erabiltzaileei. Erreiaren zabalera 2 metrokoa da tarte zuzenetan, eta 2,5 metrokoa goratutako bihurguneetan.
Halaber, atseden hartzeko hiru plataforma paratu dira zirkuituaren puntu batzuetan, hain zuzen, goratutako bihurguneekin bat etorrita, erabiltzaileak atseden hartzeko atera daitezen noizean noiz, besteei trabarik egin gabe.