Iruñea eta Iruñerriako herritarrei gomendioa zuzendu die Nafarroako Gobernuak gaur goizean egindako prentsaurrekoan: sanferminetan ere erabil ditzatela Osasun Etxeak eta ospitalez kanpoko larrialdiak, artatuak izan behar badute. Eta, hartara, ekidin dezatela, ahal duten heinean, Nafarroako Ospital Gunera joatea, aukera hori kasurik larrienetarako erabili nahi dute eta.
Sanferminetako lan egunetan, Iruñerriko Osasun Etxeak (Antsoain, Atarrabia, Barañain, Berriozar, Burlata, Sarriguren eta Zizur Nagusi) 8:00etatik 15:20ra izanen dira zabalik. Asteburuetan, itxita egonen dira.
Osasun Etxeak zabalik ez direlarik, Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzuak honako zentro hauetan artatuko ditu larrialdiak:
Ermitagainako, Arrotxapeko eta Burlatako Osasun Etxeetan egunero, 15:00etatik 20:00etara. Uztailaren 7, 8, 14 eta 15ean, zentrook 8:00etatik 20:00etara izanen dira zabalik.
San Martin Osasun Etxea erreferentziazko zentroa izanen da, festarekin loturiko larrialdietarako, eta sanferminetan egunean 24 orduz izanen da zabalik, uztailaren 5eko 8:00etatik hilaren 16ko 8:00etara.
Entzierroetan, bederatzi gune
Entzierroko zaurituak artatzeko dispositibo bereziak bederatzi gune izanen ditu, hesien ondo-ondoan, sendagileekin, erizainekin eta sorosleekin. Eta beste zortzi gune izanen dira, sorosleekin soilik. Eta ezin ahantzi zezen plazako erizaintza. Entzierroko ibilbidea 848 metrokoa denez, gune bat izanen da 50 metroko. Dispositibo guztia 112-SOS Nafarroa Zentrotik koordinatuko dute.
Txupinazoan, lau gune
Uztailaren 6an, Txupinazoaren karietara, lau arreta gune berezi jarriko dituzte, Zapateria 40ko udal eraikinean, Hezkuntza Departamentuaren ondoan Santo Domingo karrikan, San Saturnino elizako atrioan, eta Gazteluko Plazaren eta Karlos III.a etorbidearen arteko bidegurutzean.
5etik 15era, festarekin loturiko patologia arinak artatzeko gunea jarriko dute Vazquez de Mella ikastetxean, Gurutze Gorriaren eskutik. Sarasate pasealekuan, uztailaren 6tik 14ra, beste gune bat izanen da, DYAk koordinaturik.