Espainiako Felipe VI.a Erregeak Arkitektura eta Gizartearen Nazioarteko V. Biltzarraren inaugurazioan parte hartu du Iruñean

Euskalerria Irratia 2018ko eka. 13a, 21:34

Uxue Barkos eta Felipe VI. Nafarroako hiriburuko Abokatuen Elkargoko Gobernu Batzordearekin elkartu dira erakunde honen bigarren mendeurrenaren karietara eta Mtorres empresa bisitatu dute.

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek eta Felipe VI.a Erregeak Nazioarteko V. Arkitektura Biltzarraren inaugurazio ekitaldian parte hartu dute asteazken honetan Iruñean. Biltzarra Baluarte Auditorio eta Biltzar-Jauregian egingo da ostegunera arte “Arkitektura gutxiago eta hiri gehiago” lemapean, Arkitektura eta Gizartea Fundazioak antolatuta.

Ekitaldian izan dira, halaber, Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparra, berrikitan Sustapen ministro izendatu duten José Luis Ábalos eta Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Alba, beste hainbat agintarirekin batera. Biltzarra antolatu duen fundazioaren ordezkaritzako buru izan da erakunde honen lehendakari Carlos Solchaga eta Francisco Mangado sortzaile eta patronatuko kidea.

Hiri gehiago

Biltzarra inauguratzeko ekitaldia Barkos Lehendakariaren agerraldiarekin hasi da. Haren hitzetan, topaketaren lema, “Arkitektura gutxiago eta hiri gehiago”, arkitekturako profesionalen arteko biltzar honetan egindako “probokazio ausarta eta gogoetarako dei interesgarria da”. Barkosek diziplina honen garrantzia aldarrikatu du, eta “hiriek nolakoak izan behar duten pentsatu edo eztabaidatzen dugunean, gu geu nolakoak izan nahi dugun eta etorkizuna nola bizi nahi dugun gogoeta egiten ari garela” adierazi du. Hartara, Barkosek “sinesten dugun hiri horiek” eraikitzeko ausardia hartzera animatu ditu Biltzarrean parte hartu duten arkitektoak.

Bestetik, Uxue Barkosek, “sustraiez harro eta munduari irekira dagoen lurralde barneratzaile eta ireki gisa”, Nafarroako Gobernuak sustatzen duen hiri-eredua gogoratu du. Azken hamarkadetako hirigintza estentsiboaren aldean, Nafarroako Lehendakariak “sozialki kohesionatuta dagoen hiri irisgarri eta barneratzailea” defendatu du, “lurraldea ondasun mugatua dela kontuan harturik eta ingurune natural eta kulturalarekiko harreman berriak ezarriz”.

Horrekin batera, Gobernuak oraingo legealdian abiarazi dituen konpromisoen errepasoa egin du: errentako etxebizitza plana/Navarra Social Housing; trantsizio energetikoaren eta Ia Kontsumorik Gabeko Eraikinak hedatzearen aldeko konpromisoa; eta kontsolidatutako hiria zaharberritzearen eta auzo eta hirien hiri-birsorkuntzaren aldeko apustua.

Inaugurazio ekitaldian, Fundazioko lehendakari Carlos Solchagak eta erakunde horren sortzaile Francisco Mangado arkitektoak ere parte hartu dute, eta antolatzaileek prestatutako bideoa pantailaratu ondoren, Eduardo Mendoza eta Leonardo Padura idazleen arteko elkarrizketa entzuteko aukera izan da.

 

 

Iruñeko Abokatuen Elkargoaren bigarren mendeurrena

Baluarte Jauregitiik mugitu gabe, Iruñeko Abokatuen Elkargo Ofizialaren sorreraren bigarren mendeurrenaren karietara, Felipe VI.a Erregeak, Barkos Lehendakariaren konpainian, audientzia eskaini dio Luneta Aretoan erakunde horretako Gobernu Batzordeari, Blanca Ramos dekanoa buru.

Audientziaren ondoren, argazkia atera da oroigarri gisa, eta bertan bildu dira Elkargoaren izenean Fernando Azagra dekanordea eta Gobernu Batzordeko gainerako kideak: Beatriz de Pablo, María Herrera, Santiago Iribarren, Mª Josefa Urteaga, Miguel Ángel González, Maite Larumbe, Olivier Izal, Matías Miguel, Celso Galar, Virginia Andía, Alfredo Irujo (dekano emeritua), Juan Tomás Rodríguez, Miguel Martínez de Lecea, Elisa Viscarret eta Natalia Ruiz.

Bazkaria eta Mtorres lantegirako bisita

Goizeko agenda osatu duten ekitaldien ondoren, Nafarroako Lehendakariak eta Erregeak jardunaldiko protagonistekin bazkaldu dute.

Hauexek izan dira bazkariko gonbidatuetako batzuk: Garapen Ekonomikoko kontseilari Manu Ayerdi, Eskubide Sozialetako kontseilari Miguel Laparra, José Luis Ábalos ministroa, Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Alba, Erregearen Etxeko buru Jaime Alfonsín, Francisco Mangado arkitektoa, Arkitektura eta Gizartea Fundazioko lehendakari Carlos Solchaga, Eduardo Mendoza eta Leonardo Padura idazleak eta Manuel Torres eta Yolanda Torres enpresariak.

16:30 aldera, segizioa Elortzibarreko Dorrera abiatu da, Nafarroako hiribururik hamar bat kilometrora, sektore aeronautiko eta eolikorako nahiz papergintza sektorerako ingeniaritza-proiektuak diseinatzen dituen nazioarteko puntako konpainia bihurtu den Mtorres enpresaren instalazioak bisitatzeko. Nafarroako lantegiak 450 langile inguru ditu.

Manuel Torres enpresaren sortzaile eta lehendakaria eta honen alaba Yolanda arduratu dira Barkos Lehendakaria eta Erregea gidatzeaz bisitaldian zehar.

Manuel Torresek 2017an jaso zuen Parisen, prozesu aeroespazialen berrikuntzari eskainitako JEC Innovation Awards saria, sektoreak duen urteko nazioarteko topaketarik garrantzitsuenean; 2016an, Nafarroako Gobernuak Karlos III-aren Gurutzea eman zion “Nafarroaren garapena, proiekzioa eta ospea sustatzeko egindako ekarpen nabarmenagatik”, eta urtebete lehenago, 2015ean, enpresariak Erregearen eskutik jaso zuen Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak diseinu eta berrikuntzaren kultura sustatzearen alde egindako ibilbideagatik esleitu zion Berrikuntza eta Diseinuaren Sari Nazionala.

MTorres lantegirako bisitan, segizioarekin bat egin dute Noaingo alkate Alberto Ilundainek eta Dorreko kontzejuko lehendakari Santiago Molinerok.

Azken garapen teknologikoei buruzko aurkezpen labur baten ondoren, Barkos Lehendakariak eta Felipe VI.a Erregeak ekoizpen-lantegiak bisitatu dituzte. Bertan, enpresako langileek karbono-zuntzezko osagai aeronautikoak fabrikatzeko diseinatutako prototipoak ekoiztu eta muntatzeko prozesuen nondik norakoak azaldu dizkiete.

Bisitaren programarekin jarraituz, segizioak, enpresaren papergintza arloko bezerorik garrantzitsuenetako bati zuzendutako tisu papera bihurtzeko makina baten muntaketa ikusi du.

Mtorres lantegiko langile guztiekin argazkia atera baino lehen, Felipe Erregeak magnolia bat landatu du bisitaren oroigarri gisa.

Bukatzeko, Lehendakariak eta Erregeak enpresako first lego league gela ezagutu dute. Esparru honetan, balioetan hezteko proiektua garatzen da txikienei zuzenduta, zenbait langileren seme-alabek lehiaketa honetan parte harzten dutelarik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!