Lorca eta Lauxeta, Lauaxeta eta Lorca, bi idazle, poeta ikonikoak, zein bere kulturan. Bi pertsona horiek modu berean harrapatu zituen heriotzak, urtebeteko aldearekin fusilatu zituzten biak Francoren diktaduraren hasieran. Biak hil ziren gazte, askatasunaren aldeko borrokan. Bat poeta errepublikanoa izan zen, Andaluzian jaioa; bestea berriz, euskal lurrean jaiotako poeta abertzalea.
Urruneko bi mutur diruditen arren, oso jende gutxik daki euren bizitzek bat egin zutela uneren batean. Bi poeten obra ardatz hartuta, obra honetan hitzak, musika, irudiak eta antzerkia erabiliko dira erakusteko hain urruneko diruditen herri eta kulturek bat egin dezaketela gizakiaren funtsezko balioetan, uneren batean aurrez aurre egonda ere.
Jon Maiak sortu du eta Karabansai Produkzioak ekoitzi.