Joan den larunbat eguerdian 2017ko Mikro-ipuin lehiaketako lan saridunak biltzen dituen liburua aurkeztu zuten Iruñeko liburu ferian.
Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolatzen dute sariketa hau, Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren laguntzaz. 11. edizioan guztira 64 zentroko 1.056 ikaslek hartu dute parte.
Aingeru Epaltzak, Inma Erreak, Itziar Diez Ultzurrunek, Fertxu Izquierdok eta Jon Abrilek osatu dute aurtengo epaimahaia, eta lan guztiak aztertu ondotik kategoria bakoitzeko irabazleak eta ohorezko aipamenak aukeratu dituzte.
Epaimahaikideen esanetan, "urtez urte gazteek darabiltzaten gaiak gaurkotasunezkoak dira. Ikusgarria da adin horietako neska-mutilek nola gai sakonak, potoloak gogoan hartzen dituzten eta zein abileziaz tratatzen dituzten, batzuetan intentzio osoz, besteetan agian inozentzia apur batez. Bestalde, hautatu ditugun lanak ezaugarri bereziren batengatik aukeratu ditugu, baina badira beste mikro-ipuin asko beren balioa erakusten dutenak".
Partaidetza nabarmentzeaz gain, epaimahaiak lanen kalitatea goraipatu du bere deliberoan: “Kalitateak gora egin du orohar, eta batez ere nabarmentzekoa da A ereduko ikasleen lanen kalitatea, hizkuntzan aurrerapen miresgarria egiten ari baitira eredu horretakoak. Kontutan hartuta, jakina, beharbada ez direla mintzatzeko eta euskara erabiltzeko ingurune aproposenean bizi. Ikasleek aukeratzen dituzten gaien aldetik, nabari da Iparraldeko eta Nafarroa Garaiko giro soziala zein ahozko tradizioa egoera desberdinetan daudela, eta emaitzak ere heterogeneoak direla, baina horrek kolore gehiago ematen dio gure lehiaketari". Aurten sail guztietan eman dituzte sariak epaimahaikideek.
Mikel Haranburu, Euskokultur Fundazioko ordezkariarekin eta Inma Errea epamahaikidearekin solas egin dugu. Lan sariuetako batzuk ere aditzeko aukera izan dugu, haien egileen ahotan, eta haiekin ere mintzatzeko parada izan dugu. D ereduko Lehen Hezkuntzako kategoriako saridunak dira zehazki Iruñeko aurkezpen saio honetan izan zirenak: Tuterako Argia Ikastolako ikasleak Jagoba Aranbarri Ria eta Aizea Jarauta Alvarez, Berako Ricardo Baroja Eskola Publikoko ikaslea June Iguiñez Ruiz eta Iturengo Pulunpa Herri Eskolako ikaslea Aratz Elizalde Dominguez.