100 gazte (zazpi herrialdetakoak zein diasporakoak) espedizio batean parte hartuko dute uztailaren 1tetik 31 bitartean. Mauletik abiatu eta Getxon amaituko duen espedizioa oinez garatuko da, Done Jakue bideak jarraituz. Egun bakoitzean ekintza desberdinak burutuko dira: museoak bisitatu, hitzaldiak, tailerrak, kirol txapelketak, eztabaidak, astronomia hitzaldiak, etab.
Aurten lehen aldiz EuskarAbentura elkarteak antolatu duen espedizio honetan parte hartzeko gazteek lan bat eta motibazio gutuna prestatu behar izan dute, emaniko gai batzuen inguruan.
Euskararen erabilera sustatzea eta ekologia edo genero berdintasuna bezalako balore positiboak zabaltzea dira ekimenaren helburuak.
Antolatzaileek diotenez: "EuskarAbentura elkarteak hasieratik markatutako helburura gerturatzea lortu du: EHko eskualde bakoitzeko biztanleriaren araberako gazteen presentzia espedizioan bermatzea. Talde abenturazale honen baitan Euskal Herriko probintzia guztietako eta diasporako ordezkariak egongo dira, euskalduntasun eta euskalki ezberdinak batuz. Taldearen gehiengoa, %45, bizkaitarra izango da, %22 nafarra, %18 Gipuzkoatik etorriko da, %11 jatorri arabarrekoa, diasporako bi gaztek hartuko dute parte eta Zuberoa, Lapurdi eta Behe-Nafarroatik gazte bana etorriko da. Eskualde euskaldunetatik datozen gazteak izango dira, baita zonalde ez hain euskaldunetakoak eta Atlantikoaz bestaldekoak ere; azken hauek Washingtongoak eta Patagoniakoak, hain zuzen ere."
Nafarroako Garaiko 22 neska mutilek hartuko dute parte. Horietako batzuekin, Arantza, Pantxika, Iraia, Alex eta Beñatekin eta Areta Lorea EuskarAbenturako Nafarroako koordinatzailearekin mintzatu gara abentura honetaz.