Bide Ertzean taldeak mugagabeko oporrak hartu zituen 2016an. Bien bitartean, Imanol Ubeda taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak bakarkako bidea abiatu du, Don Inorrez ezizenarekin. Lehen diskoa, Mugiro bila, El Puerto de Santa Marían grabatu du, Cadizen, Paco Loco (Australian Blonde) mitikoaren agindupean.
Bide Ertzeanen esentzia gordetzen du, baina batez ere nagusitzen da Imanol Ubedak eta Gorka Urbizuk (Berri Txarrak) osatutako Peiremans+ bigarren bandaren power popa. "Soinu zikina baina aldi berean argitsua" du lanak, egilearen esanetan, eta hitzek –bereak zein beste batzuenak–, tonu ironiko eta kritikoa erakusten dute.
Diskoa zuzenean aurkezteko, honako hauek osaturiko luxuzko banda ekarriko du: Carlos Aranzegi (Alex Ubago, Bide Ertzean, Rulo y la Contrabanda...), Fernando Neira (Ruper Ordorika) eta Rubén Caballero (Ken Zazpi).