Gaur amaituko da epea txupinazoa jaurtitzeko hautagaitzak aurkezteko

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 22a, 14:14

Prozesuaren bigarren fasea ekainaren 7tik 21era izango da. Herritarren txanda izango da orduan. 

Ondoz ondoko hirugarren urtez, herritarren esku utzi da sanferminetako txupinazoa nork jaurtiko duen hautatzeko eskumena, bi fasez osaturiko sistema bat erabilita. Bihar, 14:30ean, lehenengo fasearen epea amaituko da. Sanferminetako Mahaian parte hartzen duten elkarteek edozein udal-erregistrotan aurkeztuta eduki beharko dituzte beren proposamenak eta horiekin batera aurkeztu beharreko agiriak (proposatutako pertsona edo entitatearen berariazko baimena, eta horrek lortutako merezimenduen memoria laburra).

Bost hautagaitza edo gutxiago aurkezten badira, Balorazio Batzorde Teknikoak zuzenean egiaztatuko du horiek arauak betetzen dituzten, herri-bozketa abiatu aurretik. Bost hautagaitza baino gehiago aurkezten badira, maiatzaren 30ean bozketa egingo da Sanferminetako Mahaian, 5 hautagaitza zehaztu arte, eta ondoren prozedura berari helduko zaio. Balorazio Batzorde Teknikoa osatuko dute Alkatetzako Alorreko zuzendariak eta idazkari teknikoak, eta Kultura eta Hezkuntzako zein Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko Alorretako zuzendariek.

Mahaia osatzen duten alderdi politikoak eta udal-ordezkariak ezin izango dira aurkeztu. Horrez gain, iaz proposatutako hautagaitzak ezingo dira berriz aurkeztu, ezarrita baitago aurreko edizioetan aurkeztu eta irabazi ez duten hautagaiak berriz aurkeztu ahal izateko urtebete igaro beharko dela.

Prozesuaren bigarren fasea ekainaren 7tik 21era izango da. Herritarren txanda izango da orduan. Herritarrek digitalki eman ahalko dute botoa, www.pamplona.es webgunean eta demokrazia partizipatiborako Erabaki Pamplona plataforman; telefonoz, 010 Herritarren Arreta Telefonora deituta –948 420 100 zenbakira, mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero–; eta aurrez aurre, Civivox sareko edozein zentrotan. Herri-bozketan parte hartzeko, iaz bezala, 16 urtetik gorakoa izan beharko da, eta Iruñean erroldatuta egon.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!