'Etorkizuna nafarron esku', goiburuarekin osatuko dute giza-armarria

Euskalerria Irratia 2018ko mai. 17a, 09:41

Guztira, orain arte 9.969 nafarrek parte hartu dute estatus politikoari buruzko herri galdeketetan. Larunbatean jarri du hurrengo hitzordua Nafarroako Gure Esku Dagok. 

‘Etorkizuna nafarron esku’ lelopean, Nafarroako armarria irudikatuko duen giza-armarria osatzera deitu du Nafarroako Gure Esku Dagok larunbaterako, Iruñeko Gaztelu Plazan 12:00etan. Hiru helburu nagusi izango ditu ekimenak: nafarren erabakitzeko borondatea agerian uztea, elementu sinboliko bat erabiliz; ekainaren 10eko giza kateari begira jendea parte hartzera animatzea; eta indarrak biltzea etorkizunari heltzeko. Datozen hilabeteotan Nafarroa osoan erabakimenaren auzia eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko determinazioa du herri mugimenduak.

“Nafarroa Garaiko herritarrok gero eta argiago dugu hemen bertan erabaki nahi dugula, eta gai guztietan erabaki nahi dugula. Halaber, inoiz baino argiago dugu Nafarroaren etorkizuna nafarron esku nahi dugula. Erabakitzea denon kontua da, herritar guztiei dagokigu, etorkizuna denon artean eraiki behar dugulako. Gure Esku Dagoren ustez, herritarrok, ezinbestean, mugitu beharra daukagu erabakitzeko eskubideari bidea zabaltzeko. Horregatik, maiatzaren 19rako erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio berezi bat antolatu dugu Iruñeko Gaztelu plazan: nafarron erabakimena adierazteko giza armarria. Elastiko eta zapi gorriz jantzita, eskuz esku elkar lotuz, giza kate txikiak osatuko ditugu, guztien artean Nafarroako armarria irudikatzeko”.

 

  • NOIZ: Maiatzaren 19an, larunbatarekin.
  • ZER: Nafarroako armarria irudikatuko duen mosaiko koloretsua.
  • NOLA: Elastiko eta zapi gorriak jantzita, eskuz esku lotuz, elkar lotutako giza kate txikiak osatuko ditugu Nafarroako armarria irudikatzeko, puxika gorri eta bestelako osagaien laguntzaz. Festa giroan egingo dugu, kale animazioak eta musikak lagunduta.
  • NON: Iruñeko Gaztelu Plazan. Bertako kioskoa izango da armarriaren erdigunea, esmeralda.
  • NOLA PARTE HARTU: Mosaikoaren antolaketa errazteko, izena ematea beharrezkoa da (doakoa izango da), herrietan jarriko diren mahaietan edo internet bidez Gure Esku Dagoren webgunean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!