Festa, Zezena, Mandala (Fiesta Toro Mandala) Horixe du izenburua karteletako batek. Irudian, kolore gorria nabarmentzen da, txuria tartekatuta. Picassoren Gernika koadroaren zezena irudikatua, eta barnean jai giroko protagonista asko: kilikiak, noria, korrikalariak…
Hondo txuria nagusi du beste kartel batek. Eta erosketetara goazenean hartzen diren tiket-ak, txanda adierazten duten horiek nabarmentzen dira. Kolore gorria eta beltza. Zezenak entzierroan korrika baleude bezala. Izenburua: Zure txanda 2018ko Sanferminetan (Su Turno SF 18).
Beste kartel batean, galtzadako harriak ikusten dira hondoan. Gainean, zezenaren adarrak zapi gorria jantzirik duela eta korrikalari bat haren aurrean. Bertako tradizioa. Nazioarteko Pasio du izenburu. (Tradicion local. Pasion Internaional).
Munduko bola bat da nagusi beste karteletako batean. Txuriz irudikatua eta horri eusten, zapi gorri bat. Izenburuak hala dio: Lurra, Iruñea hiriburu. (La Tierra, capital Pamplona).
Erraldoiak protagonista dira beste kartel batean. Dantzan ageri dira Toko-Toko eta Braulia, Gazteluko plazan, gauez, Iruñea argiztaturik dela. Iruñea, hiri argiztatua (Pamplona, ciudad de luces).
Beste kartel batean, zazpi zenbakia ikus daiteke agerian. Arreta jarrita, zezen baten bi adarrak direla ikus daiteke. Kolore gorri eta beltzez irudikatua. Honen izena, 7.
Desberdinena dena gainerakoetatik, hondo hori batean erakutsi digutena da. Guztiz horia, eta zirkunferentzia handi bat erdialdean. Kolore txuri, beltz eta gorriz markatutakoa. Zezen plaza bailitzan eta zezenak zein korrikalariak biraka ariko balira. Izenburua: Sanferminen zikloa. (El ciclo de San Fermin)
Azkenik, beste kartel bat ere bada: emakume baten aurpegia lehen planoan, eta atzean du udaletxeko plaza uztailaren sei batean jendez gainezka. Izenburua: Bera da jaia. (La fiesta es ella)
Irudi horiek bertatik bertara ikusteko aukera izanen da. Kondestablearenean izanen dira guztiak erakusketa batean, baita euskalerriairratia.eus webgunean ere. Eta hortik aurrera, iruindarrek izanen dute aukera gogokoen dutenaren aldeko botoa emateko. Gaurtik hasi eta heldu den maiatzaren 14ra arte dago aukera botoa emateko. Hiru bide daude horretarako: 010 telefonoa, pamplona.es webgunea edota civivoxetan ere bai. Maiatzaren 16an jakinen dugu nork iragarriko dituen 2018ko sanferminak.