Liburuak kalera atera dituzte gaur liburu dendek. Hamabost postu dira Karlos Hirugarrena etorbidean daudenak, egun osoz. Haurrentzako, gazteentzako, helduentzako, zientzia fikziozkoak, marrazkiak dituztenak, eleberriak, poesia… hori guztia dute aukeran. Eta deskontu bereziak, denda gehienetan %10eko deskontuarekin, eta lore bat oparitan.
Gazteluko plazatik karlos hirugarrena etorbidera joz gero, lehenengo postua, Auzolan liburudendarena dela ikus daiteke. Bertan aurkituko zarete Unai Pascualekin. Berak azaldu digu, 1977an zabaldu zituela ateak Auzolanek, eta orain, iritsi zaiola unea ateak itxi eta beste batzuei tokia uzteko. "Sortu ginenean jarritako erronka asko bete ditugu, eta horrekin, pozik gelditzen gara. Garai hartan euskarazko liburuak aurkitzea ez zen batere erraza eta guk bultzada eman genien. 41 urteren ondoren, beste batzuei lekua uzteko unea iritsi da", adierazi du Pascualek.
Postuetan aurrera egin ahala, Katakrak eta baita Abarzuza ere topatu daitezke. Jendez lepo izan dira eguerdian. Jendea, liburuen azalak begiratzen, atzekaldea irakurtzen eta baita, erosten ere. Elkar liburudendak ere badu postua. Diote, egun berezi hauetan jendearekin hartu-emana bereziagoa dela, gertukoagoa.
Oraindik ere liburu azoka bisitatu ez duenak aukera izanen du iluntzerarte Karlos hirugarrena etorbidetik pasatzeko.