Minbiziaren ikerketaren aldeko martxa solidarioa, Iruñean

Euskalerria Irratia 2018ko api. 11a, 08:16

Izena emateko epea zabalik da kirolari eskainitako El Corte Ingléseko solairuan eta webgune honetan.

Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen (AECC) Nafarroako ordezkaritzaren martxa solidarioak Iruñeko kaleak beteko ditu berriz 2018an, maiatzaren lehenengo igandean, hots, 6an. Bost kilometrokoa izango da, Iruñeko Ziudadelan hasiko da eta Gazteluko plaza izango da helmuga. Asmoa da martxa solidario, herrikoi eta ireki bat egitea, inondik inora podiuma edo denbora-zerrendak dituen lasterketa-lehiaketa bat egitea.

Edizio berria gaur goizean aurkeztu dute Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Nafarroako AECC elkarteko presidente Francisco Arasanzek, eta haiekin batera izan dira Caixabankeko Nafarroako lurralde-zuzendari Ana Diez eta Nafarroako Kutxa Fundazioko presidente Javier Miranda. Ekitaldian izan dira, baita ere, martxa bera eta helmugan antolatzen diren familiendako jarduerak egitea posible egiten duten enpresa babesleak.

Hitzordu honen bitartez eskuratzen diren baliabideak minbiziari buruzko ikerketara bideratzen dira oso-osorik, ikerketa gakoa baita gaixotasun horri aurre egiteko. Nafarroako AECC elkarteko datuen arabera, 200 minbizi mota baino gehiago daude, eta horietako bakoitzak oso bilakaera diferentea dauka gaixoetako bakoitzean; hortaz, horiei aurre egiteko irtenbideek ere askotarikoak izan behar dute. Aurten, Nafarroako AECCk 210.000 eurotik gora bideratuko ditu minbiziari aurre egiteko ikerketara; Nafarroako Kutxa Fundazioak eta La Caixa fundazioak, beren aldetik, 6,4 milioi bideratzen dituzte ikerketara, beren gizarte-ekintzako programen barruan, Nafarroako lau unibertsitate-zentroetan egiten diren proiektuen bidez.

Korrikalariek edota korrika egitera atera ez baina dortsal bat erosita lagundu nahi duten kolektibo zein pertsona solidarioek gaurtik aurrera eman dezakete izena V. Martxan, kirolei eskainitako El Corte Ingléseko solairuan formulario bat beteta (merkataritza-ordutegian), edo, bestela, zuzenean, esteka honen bidez: https://www.rockthesport.com/es/evento/aeccnavarra2018/. Izena emateko epea martxaren aurreko egunean (maiatzak 5) itxiko da, 14:00etan. Izena emateko 6 euro ordaindu behar dira, zeinak oso-osorik minbiziari aurre egiteko ikerketara bideratuko baitira, dohaintza gisa.

Martxa solidarioa, sarien zozketarekin

Minbiziari aurre egiteko ikerketaren aldeko V. Martxa solidarioa 11:00etan abiatuko da maiatzaren 6an, igandearekin, Ziudadelatik. Kirolari eta korrikalariak abiatuko dira lehenengo, eta gero, gainerako parte-hartzaileak, nork bere erritmoan osatzeko ibilbideko bost kilometroak hiriko Alde Zaharrean barna: Taconera parkea, Kale Nagusia, Udaletxe plaza, Estafeta eta Ahumada Dukearen kalea, eta Karlos III.aren etorbidea.

Burlatako Hiru Herri klubeko arduradunak izango dira probaren zuzendari teknikoak, eta Asvona eta Gurutze Gorriko boluntarioek laguntza emango dute martxa garatu bitarte, gertatzen ahal diren jazoerei arta emateko, anbulantzia-zerbitzuaz hornituta, babes-neurri gisa. Proba amaitzean, jende ororendako jarduerak egongo dira, aurpegiak margotzeko lantegiak eta zumba, besteak beste.

Lehiaketa-izaera ez duen arren, urtero legez, sariak egongo dira. 30etik gora elkarte, organismo eta enpresaren laguntzari esker, parte hartzen duten lagunen 300ek gutxienez beste hainbeste opari eta sari eskuratzen ahalko dituzte, erabilera eta balio desberdinetakoak guztiak, baina kasu guztietan, solidarioak. Izan ere, dortsal-zenbakiei zozketa bidez esleituko zaizkien dohaintza desinteresatuak dira, konpainia eta kolektibo laguntzaileek eginak. Saritutako zenbakien zerrenda martxa amaitzean jakinaraziko da, horma-irudi handi batean, eta hor bertan jaso ahalko dira sariak.

Denok minbiziaren aurka: guztion ahalegin soziala

Nafarroako AECCk, tankera honetako jardueren bitartez, minbiziari aurre egiteko dirua biltzeaz gain, sektore publiko zein pribatuaren, elkarteen eta hezkuntza- zein ikerketa-erakundeen indarrak batzearen beharra azpimarratu nahi du, hartara ahalegin globalak egiteko. Eta martxa honen diseinuak, hain zuzen, borroka globalaren ezaugarri hori islatzen du.

Gainera, Nafarroako AECCk 2018ko diru-sarrera guztiak bideratuko ditu Nafarroan finantzatzen dituen ikerketa-proiektuetara: 300.000 euro, hiru urteko epean, Navarrabiomed zentroarendako, eta doktoretza aurreko bi beka, 60.000 eurokoak, hiru urteko epean ere. Iaz, hirugarrenek edo boluntario zein laguntzaileek antolatutako ekitaldiei esker, Nafarroako AECCk aukera izan zuen 135.000 euro baino gehiago bideratzeko gaixotasun honi aurre egiteko ikerketara.

Iruñeko Udalak beharrezko diren baliabideekin laguntzen du martxan. Nafarroako Kutxa Fundazioak eta La Caixa Fundazioak ekitaldiaren babesle dira, haien gizarte-ekintza ildoen barruan. Kasu honetan, sentsibilizazioa bultzatzen dute; izan ere, bi fundazioek berariazko funtsak bideratzen dituzte Nafarroako ikerketa biomedikora, honako gaixotasun hauek jorratzen dituzten esparruetara: neuroendekapenezko gaixotasunak, GIBa, gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizia. Horrez gain, beste erakunde batzuek ere laguntza ematen dute martxa egiteko, besteak beste, El Corte Inglés, M. Torres, Clínica Baviera, Grupo Logístico Disayt, Grupo Apex, Coca Cola, Solán de Cabras, Eventos. Lacturale, etab.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!