Pio XII.etik eta Basotxotik 4.485 joan-etorri egiten dira bizikletaz egunean

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 20a, 19:58

Arg: Navartur

Bidegorririk ez badago ere, egun ardatz ziklista nagusietako bat da. Eguberrien aurretik bildutako datuen arabera, egunean batez beste 16.000 eta 20.000 lagun artean igarotzen dira bertatik oinez.

Hau ondorioztatzen da Iruñeko Udaleko Mugikortasuneko Alorrak dituen datuetatik. Lehenengo aldiz iazko maiatzaren 3an bildu ziren datuok, eta emaitza horiek berretsi egin ziren Eguberrien aurreko egunetan egindako zenbaketa berrian.

Etorbide horretan, Irunlarrea kaletik abiatuta eta Alde Zaharreraino –Basotxo kaletik igaro eta Taconera kalearekin bat egin arte– 4 zenbaketa-puntu paratu ziren, eta honako datu hauek eman zituzten: Basotxo kalean 1.491 ziklista zenbatu ziren; Antso Azkarraren etorbidearen elkargunean, 1.382 joan-etorri; Iturrama eta Errioxa kaleen bidegurutzean, 932; eta Irunlarrea kalearen elkargunean, 680.

Egun horretan bertan ziklista kopurua zenbatzeko beste 20 zenbaketa-puntu paratu ziren hirian barna, eta horietako bitan besterik ez ziren Basotxo kaleko kopuruak gainditu: Errekoleten plazaren eta Gipuzkoako etorbidearen elkargunean (1.731 bidaia), eta Karlos III.aren etorbidearen eta San Fermin kalearen artean (1.539). Pio XII.aren eta Antso Azkarraren etorbideen elkarguneko kopurua beste puntu bakar batean gainditu zen: Zamargileen zubian (1.463). Hots, ziklista kopuru handienak erregistratu zituzten 5 puntu horietatik 2 Pio XII.aren etorbidean sustatuko den ardatz jasangarri berrian zeuden, beste hirurak, aldiz, Alde Zaharraren inguruan eta Karlos III.aren oinezkoendako ardatzean.

Beste puntu hauetan ere ziklisten trafiko nabarmena antzeman zen: Zezen-plaza inguruan (1.246 ziklista); Media Luna parkean (1.182); Armada etorbidearen eta Chinchilla Jeneralaren kalearen artean (1.106); Ospitalegunean, Nafarroaeta Barañaingo etorbideen elkargunean; Cuatro Vientos errotondan, Gipuzkoako, Sanduzelai eta Marcelo Celayeta etorbideen elkargunean (1.077); eta Marcelo Celayeta etorbideak eta Errotazarko kaleak bat egiten duten puntua (1.007).

Abenduan berretsitako joerak, eta zenbaketen arabera, ia 20.000 lagun egunean

Iruñeko Udalak joan-etorrien kopuruari buruzko ikerketa bat egin zuen berriz ere, oraingo honetan oinezkoak ere aintzat hartuta, abenduaren 20, 21 eta 22an, bi denbora-tartetan: 07:30etik 11:30era eta 14:30etik 18:30era. Kasu honetan landa-lanaren oinarria zuzeneko behaketa izan zen, Pio XII.aren etorbideak beste hauekin bat egiten duen puntuetan: Armada etorbidea, Iturrama kalea eta Nafarroa etorbidea. Basotxo kalea kanpo geratu zen. Aurrekoa gorabehera, errepikatzen ziren puntuetako datuek maiatzean antzemandako joerak berresten zituzten, urtaroa zela medio kopuruak pixka bat txikiagoak izan ziren arren (lehen zenbaketa udaberrian egin zen, eta bigarrena, neguan).

Emaitzek diotenez, hiru egunetan, guztira, 60.551 oinezko eta 7.452 bizikleta igaro ziren (Basotxotik zihoazenak zenbatu gabe). Abenduaren 20an, asteazkenarekin, 16.220 oinezko eta 2.353 bizikleta zenbatu ziren (maiatzean, Armada eta Nafarroa etorbideen artean, 2.994); abenduaren 21an, ostegunarekin, 19.052 oinezko eta 2.622 bizikleta; eta abenduaren 22an, ostiralarekin, 25.279 oinezko eta 2.477 bizikleta. Oinezkoen joan-etorrien puntu gorenak, goizez, eskolara sartzeko eta dendak irekitzeko orduetan ematen dira; eta arratsaldez, 15:00etan eta eskolatik irteteko orduan. Bizikleten kasuan, gehiago erabiltzen dira 07:30etik 08:30era. Hortaz, ondorioztatu daiteke lanera, eskolara zein unibertsitatera joateko erabiltzen dela. Arratsaldez, bizikleta gehien daude 14:30etik 15:30era, eta kopurua murriztu egiten da egunak aurrera egin ahala.

Pio XII.etik, egunean, 13.733 ibilgailu pribatu sartzen dira Iruñean, eta 14.512 irten

Ibilgailuen zenbaketa, bestalde, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrak egin du. Zirkulazio-intentsitatea bidearen hiru puntutan neurtu zen, zehazki, honako hauetan: Errioxa kalearen eta Nafarroa etorbidearen artean, Antso Azkarraren etorbidearen eta Errioxa kalearen artean, eta Gaztelugibel kalearen eta Armada etorbidearen artean, bai hirira sartzeko noranzkoan zein ateratzekoan.

Pio XII.aren hiru tarte horien artean, ibilgailu motordun kopururik handiena Errioxa kalearen eta Nafarroa etorbidearen artetik igarotzen da. Egun osoan zehar 13.733 ibilgailu igarotzen dira bertatik hirira sartzeko noranzkoan, eta 14.512 hiritik irtetekoan. Antso Azkarraren etorbidearen eta Errioxa kalearen artean, egunero 10.260 ibilgailu zenbatu ziren erdialderako bidean, eta 11.483, irteteko noranzkoan. Azkenik, Gaztelugibel kalearen eta Armada etorbidearen artean, egunean, 7.624 ibilgailu igarotzen dira hirira sartzeko noranzkoan, eta 8.818 Iruñetik irtetekoan. Zirkulazio handieneko uneak goizeko 08:00ak eta 14:00ak dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!