Goizean atxilotutako ezker abertzaleko lau kideak aske utzi ditu Guardia Zibilak

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 20a, 18:03

Miren Zabaleta (Berriak grabatutako bideo bateko irudia).

Miren Zabaleta, Oihana Garmendia, Antton Lopez 'Kubati' eta Olatz Dañobeitia atxilotu dituzte Belen Gonzalez Peñalba ETAko kide ohiaren omenaldi ekitaldian "terrorismoa goratzea" leporatuta. 19:30etarako atxiloketen aurkako mobilizazioak deitu dituzte.

Iazko azaroaren 26an egin zuten ekitaldia, Lazkaon (Gipuzkoa). Ezker abertzaleko hainbat ordezkari esanguratsuk parte hartu zuten ekitaldian.

Miren Zabaleta Sortuko Nafarroako arduradun politikoa Iruñeko Arrotxapea auzoan atxilotu dute, autoa hartzear zenean. Garmendia Kalera Kalera egitasmoko bozeramailea 07:00etan atxilotu dute, Gernika-Lumon (Bizkaia), medikuarengana abiatzekotan zela —zazpi hilabeteko haurdun dago—. Dañobeitia Bilboko San Frantzisko auzoan atxilotu dute. Guardia Zibilak etxean atxilotu du Lopez. Denak Intxaurrondora eraman dituzte eta handik atera dira.

Miren Zabaletak, aske utzi dutenean txio bat idatzi du, esanez, inor "duintasunez eta bakean" agurtzea ez dela delitua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!