Irati Jimenez idazlearen eta Petti musikariaren poesia eta musika-errezitaldia, gaur

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 16a, 08:10

Ironiaz, umorez eta maltzurkeria apur batez prestatutako saioa 20:00etan izanen da ostiralean, martxoaren 16an. Sarrera librea da.

Irati Jimenez idazleak eta Petti musikari nafarrak ‘Nigan, ispilu batean bezala’ poesia eta musika-errezitaldia eskainiko dute bihar, martxoaren 16an, ostiralarekin, Kondestable Civivoxean, 20:00etan, Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin elkarlanean urtero antolatzen duen euskarazko kultur programazioaren barruan. Sarrera librea da.

Nigan, ispilu batean bezala musika eta literatura oinarri dituen ikuskizun bat da, non ispilua aitzakia gisa baliatuko baitute Irati Jimenezek eta Pettik literaturari, idazleei eta idazketa-prozesuari buruz hausnarketa egiteko, ironia, umore eta maltzurkeria apur batekin. Hainbat galdera plazaratuko dituzte, hala nola, zer ikusten duen literaturak berak bere burua ispiluan islatuta ikusten duenean, zer nolako papera izan duten ispiluek literaturan eta nor diren gaur egungo Nartzisoak, haien irudiaren menpe bizi diren horiek. Literaturaren gozoa eta garratzari buruzkoak entzungo ditugu Civivoxean, Iratiren hitzen eta Pettiren musikaren bidez, egiak, egoak eta metaforak hizpide.

Udalak eta Nafar Ateneoak elkarrekin antolatzen duten euskarazko kultur programazioaren barruko hurrengo hitzordua apirilaren 26an egingo den hitzaldia izango da: Artze... Joxan gogoan izenburupean, Andoni Salamero idazle eta poetak duela gutxi zendu zen Joxean Artze euskal kulturako erreferentearen bizipenen errepasoa egingo du. 19:30ean izango da, Kondestable Civivoxeko patioan.

Letren eta musikaren arloan erreferenteak diren artistak

Irati Jimenez Uriarte idazle eta kazetaria Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da, eta kazetari aritu da prentsa, telebista eta irratian. Nabarra aldizkariaren zuzendari izan zen, eta komunikazio-aholkularitzan eta Interneterako edukien sorkuntzan espezializatu da. Haren lehenengo eleberriarekin -Bat, bi, Manchester (2006)- eleberri laburreko Augustin Zubikarai saria eskuratu zuen, eta Nora ez dakizun hori (2009) nobelarekin, Igartza literatur sariko accesita. 2016an Gatza, Odola eta Musua liburu esperimentalak argitaratu zituen, literaturaren eta kazetaritza-lanaren arteko hibridoak.

Juan Luis Pérez Mitxelena "Petti" Berako musika-sortzaile eta -interprete ezaguna da. Eragin-uztarketa harrigarria sumatzen da haren musikan; hor ageri dira, besteak beste, Nick Cave, Tom Waits eta Mikel Laboa. Kantautore berezi bihurtzen dute musika sortzeko, abesteko eta gitarra "zarrastatzeko" dituen molde bitxiek. Bakarkako 6 disko argitaratu ditu, eta hainbat lan beste musikari batzuekin batera, hala nola Anari, Txuma Murugarren, Rafa Rueda, Xabi Garre (Señor No) eta Estatu Batuetako Barrence Withfield soul musikaria. Halaber, Terry Lee Hale, Anari, Morau, Rafa Rueda eta Bidaia artisten proiektuetan kolaboratu du, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!