Geltoki: gune solidario eta jasangarria

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 13a, 08:59

Geltoki proiektua autobus geltoki zaharrean izanen da.

Iruñeko autobus geltoki zaharrari erabilera berria emanen diote: garai bateko leihatilak esaterako, eredu sozialeko denda bilakatuko dira.

Geltoki proiektuak ekonomia solidarioa eta alternatiboa sustatuko ditu. Iruñeko autobus geltoki zaharrari erabilera berria emanen diote. Garai bateko leihatilak esaterako, eredu sozialeko dendak aurkitu ahal izanen dira. Reas-ek, Nafarroako Ekonomia Alternatiboa eta Solidarioaren Sareak; Traperos de Emaus Fundazioak; CEPAENek, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak; EHNEk, Euskal Herriko Nekazarien Nafarroako ordezkaritzak eta Elikagai Artisauen Elkarteak osatuko dute Geltoki proiektuaren muina.

Leihatilen gunea, kafetegia eta zonalde amankomunak erabiltzeko baimena izanen dute, hau da 900 metro koadro. Katrin Ginez da koordinatzailea. Ekimen kultural eta sozialak, produktu ekologikoak, artisau lanak eta berrerabilitako objektuak izanen dira bertan. Kafetegian, gastronomia jasangarria eta osasuntsua izanen dira nagusi. Astelehenetik larunbatera izanen da zabalik Geltoki, eta sarrera doanekoa izanen da.

Laster zabalduko ditu ateak baina oraindik egiteko zenbait badituzte. Maiatzean ateak ireki nahiko lituzkete eta beranduenez, uda iritsi aurretik. Une hauetan, Geltokin lan eginen duten herritarren aukeraketa prozesuan daude. Inbertsioa egin behar dute. Horretarako, Fiare Banku Etikoarekin kreditu bat beharko dute, Crowfounding kanpaina ere jarriko dute martxan eta azkenik erakundeen diru-ekarpena ere izanen dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!