Turismo Gastronomikoaren I. Nazioarteko Biltzarra otsailaren 22 eta 23an ospatuko da Baluarten

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 13a, 20:04

Biltzarrak Nafarroak duen potentziala bideratu eta sektoreko aukera eta ikuskera desberdinak aztertu nahi ditu. Bederatzi herrialdetako adituek hartuko dute parte.

Turismo Gastronomikoaren I. Nazioarteko Biltzarrak suspertzen ari den sektore honetako joera nagusiak jasoko ditu datorren astean, bederatzi herrialde desberdinetatik datozen profesionalen artean esperientziak elkartrukatzeko espazio bat sortuz. Adituek merkatu gastronomikoen ikuskerak eta merkatu horiek turista berriak erakartzeko dauzkaten efektuak izango dituzte aztergai.

Marketin Turistikoko Zerbitzuko zuzendari den Ana Lizarragak eta Biltzarreko zuzendari den Luis Cortések aurkeztu dute gaur goizean lehen edizio honen programa, Navartur Azokaren sarrera gisa agertzen dena. Nafarroako Gobernuak eta Events & Holidays enpresak antolatu dute topaketa, eta World Food Travel Association, Reyno Gourmet, Iruñeko Udalaren eta Iruñeko Turismo eta Ostalaritza Elkartearen kolaborazioa izan du.

Turismo Gastronomikoaren Nazioarteko Biltzarrak The business of gastronomy tourism goiburua izango du (Turismo gastronomikoaren negozioa) eta gai horren inguruko gaiak landuko dituzte bertaratuek, horien artean: turismo gastronomikoaren baitako joeren egungo egoera eta azkeneko joerak, teknologiaren eragina edo bidaia-antolatzaileen ikuspuntua.

Gastronomia tradizioaren, kulturaren, bizitzeko moduaren eta lurralde bateko berrikuntzaren elementu definitzaile gisa hartuta, turismoa dinamizatu eta dibertsifikatzeko aukera gisa ere aurkezten da ekimen hau. Eta, baita, tokiko garapen ekonomikorako aukera gisa ere, sektore profesional desberdinen inplikazioaren bitartez: lehen sektoreko ekoizpena, ekoizpen horren komertzializazioa merkatuetan edo produktu horiekin sukaldaritzako profesionalek egiten dituzten lanketak.

Gastronomiak helmuga turistiko baten aukeraketa egiteko orduan daukan garrantziak kalitatezko tokiko produktuetan oinarritutako eskaintza baten hazkundea ekarri du, diferentziazioaren eta merkatu propio baten sendotzearen alde eginez.

Turismo Gastronomikoaren I. Nazioarteko Biltzarrak Nafarroak duen potentziala bideratu eta sektoreko aukera eta ikuskera desberdinak aztertu nahi ditu, esperientzia jasoa duten profesionalen bateratze-lanaren bitartez. Nafarroako gastronomiak izaera propioa daukala irizten da, eta tradizioaren eta sukaldaritza berriaren arteko oreka mantentzen duela, kalitatezko produktuei lotuta, nazioarteko sona izateko beste.

Biltzarra, gainera, aukera paregabea izango da tokiko produktuen aniztasuna eta kalitatea erakusteko, negozio-foro izateaz gain. Izan ere, merkatuko aktore zuzenen (B2B izena jasotzen dutenak), turismo gastronomikoan adituak diren bidaia-antolatzaileen eta helmuga gastronomikoetako ordezkarien arteko zuzeneko topaketekin osatuko da biltzarra.

Biltzarreko programari buruzko informazio gehiago jasotzeko eta izen-emateak egiteko www.gastronomytourism.es webgunea dago erabilgarri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!