Trafikoak utzitako datuak Iruñean aztertuta (aurten gainera hiru pertsona hil dira zebra bidea gurutzatzen ari zirela ibilgailuek harrapatuta) mugikortasun ereduan lanean segitzen dutela jakinarazi dute gaur.
Hiria, oinezkoentzat eta bizikletan doazenentzat seguruagoa izateko zenbait neurri hartuko dituzte. Lau arlo nagusitan ariko dira:
1. Azpiegiturak hobetuko dituzte: zebra bideak goratu eta ikusgarritasuna hobetu eginen dute. 3.000 zebra bide inguru daude hirian, eta horiek guztiak aztertu eta bakoitzari dagokion hobekuntza ezarriko diote. Ikastetxe inguruetako zebra bideetan hasiak dira lanetan.
2. Errepideetako Segurtasunerako Kontrolak egiten segituko dute. Iaz, 23.000 etilometria proba egin zituzten, lau milioi ibilgailuren abiadura kontrolatu zuten eta 55.000 ibilgailutan arreta-galtzeen kontrola egin dute.
3. Bide hezkuntzako ikastaroak eginen dituzte. Herritarren ardura ere badelako errepidean, hirian oro har egoki ibiltzea. Iaz, 16.000 ikaslerekin aritu ziren. Aurten bi kanpaina berezi eginen dituzte, udaberrian bat eta udazkenean bestea.
4. Araudian eta segurtasunaren kudeaketan ere baliabideak jarri eta aldaketak eginen dira.
Datuei begira jarrita. 2008tik 2013ra bitartean, urtetik urtera jaitsi egin da autoekin izandako istripuak Iruñean. 2013tik hona baina, hazi egin da berriz ere datu hori. Horren atzean arrazoi asko egon daitezke, besteak beste, krisia hasi zenean jendeak garraio publikoa gehiago erabiltzera jo zuela eta autoa gutxiago erabiltzen zela eta baita errepidean jarritako radarren eragina ere. 2013an baina, egoera ekonomikoak hobera egitearekin autoa berriz ere gehiago erabiltzera jo da eta horrek eragin du hein batean istripuak handitzea. Horregatik, mugikortasuna bere osotasunean landu eta neurriak hartu behar dira modu integralean.
Iruñean hartuko dituzten neurri horiek guztiak Mugikortasun Jasangarrirako Hirigintza Planarekin batera doaz, hau da, Iruñerri osorako planarekin batera.