12 milioi diru-laguntzetan I+Gko proiektuetarako

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 23a, 20:29

Garapen Ekonomikorako Departamentuak laguntzen deialdia egin du. Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 22an amaituko da eta proiektuak 2019ko abenduaren 31 baino lehen burutu beharko dira.

Garapen Ekonomikorako Departamentuak, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, I+Gko proiektuei laguntzak emateko 2018ko deialdia onartu du. Laguntzen zenbatekoa, guztira, 12.000.000 euro izango da 2018rako, 2019rako eta 2020rako. Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 22an amaitzen da, eta diruz lagundutako proiektuek bukatuta egon behar dute 2019ko abenduaren 31rako.

Guztizko zenbatekoa honela dago banatuta:

3 milioi 2018rako, 6 milioi 2019rako, eta 3 milioi 2020rako. Proiektu-motaren arabera, 4 milioi bideratuko dira banakako proiektuak diruz laguntzera, beste 4 milioi enpresen lankidetza-proiektuetara, eta beste 4 milioi ezagutza transferitzeko proiektuetara.

 

Proiektuak burutzeko, bi urtealdi ezartzen ditu deialdiak: lehenengoa, proiektua hasten denetik 2018ko abenduaren 31ra arte, eta, bigarrena, 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte, data horretan amaituko baita proiektua burutzeko epea.

Hainbat urtetarako gastua, gehienez, 1.500.000 euro handitu ahal izango da, eta hura emateko ez da beste deialdirik egin beharko.

 

Garapen Ekonomikorako Departamentuaren ildo estrategikoetako bat berrikuntza da, horretan oinarritzen baita, besteak beste, Nafarroako enpresen lehia-ahalmena.

Haren ustez, berrikuntza eta punta-puntako industria aurreratua banaezinak dira, eta, zenbat eta berrikuntza handiagoa izan, orduan eta kalitateko enplegu gehiago sortuko da —hori da Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko helburuetako bat—.

Foru Gobernuak onartutako Espezializazio Adimendunaren Estrategiak (S3) jasotzen dituen lehiakortasun-faktoreen artean dago I+G+Ba, eta, haren bitartez, ezagutza zientifiko eta teknologikoa sortzea, baliaraztea eta aplikatzea bultzatu nahi da, Nafarroako enpresei balio handiagoa emateko.

Aurrekoarekin bat, eta hainbat urtetarako gastuei buruzko araudia betez, Nafarroako Gobernuak baimena eman zuen, azaroaren 22an, deialdi honetarako behar diren gastu-konpromisoak hartzeko eta haiek aldez aurretik izapidetzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!