Hiru gidaliburu berri toki-erakundeetan parte hartzeko

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 22a, 19:53

Pablo Azkona, Ana Ollo kontseilaria eta Pello Pellejero, gidaliburu berrien aurkezpen-ekitaldian.

Nafarroako Gobernuak plazaratu ditu Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioarekin elkarlanean.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF) elkarlanean, hiru gidaliburu aurkeztu ditu gaur, Nafarroako toki-erakundeentzat euskarri eta laguntza izan daitezen.

Gidaliburu horiekin, herritarrek administrazioetan parte har dezaten bultzatu nahi da.

Lehenengo gidaliburua "Gakoak, herritarrek toki-erakundeetan kalitatez parte har dezaten" da, eta haren xedea da tokiko parte-hartze prozesuak ahalik eta kalitate onenarekin diseinatzeko eta garatzeko gako praktikoak ematea.

Bigarrena "Tokiko partaidetzazko aurrekontuak egiteko gidaliburu praktikoa" da, eta haren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko udaletan partaidetzazko aurrekontuen prozesuak errazago planifikatzea. Hirugarrena "Herritarrek parte hartzeko udal planak egiteko gidaliburua" da, eta metodologia bat ematen du udalek herritarren parte-hartzearen plangintzari ekin diezaioten dagozkien udalerrietan, eta helburuak eta ekintzak finka ditzaten.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok esan du gidaliburu horiek egin dituztela "konpromisoa dutelako gardentasun-politikak eta herritarren parte-hartze politikak diseinatzeko eta martxan jartzeko, administrazio publikoak irekitzera eta gizarteak parte hartzera bideratuak".

"Herritarren parte-hartzeak balioa ematen du; erabaki publikoak zilegi egiteaz gain, aberastu egiten ditu, eta haien eraginkortasuna hobetzen du", adierazi du kontseilariak.

"Gaur egun, nekez goberna daiteke parte-hartzerik gabe". Horrez gain, herritarren parte-hartzea bultzatzeko Administrazioaren organigramaren barruan sortu den administrazio-unitatea balioetsi du.

Azkenik, kontseilariak gogorarazi du Parte Hartze Demokratikoaren Foru Legearen proiektua "legealdiko proiekturik garrantzitsuena" dela, eta, aurreikuspenen arabera, uda baino lehen iritsiko dela parlamentura.

Gizarteak gero eta gehiago eskatzen du gai publikoetan parte-hartze handiagoa izatea, eta esan du eskaera hori ase nahi duela proiektu horrek.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusi Pello Pellejerok, berriz, gobernuak parte-hartzearen arloan egin dituen ekintza garrantzitsuenak errepasatu ditu, hala nola kide anitzeko organoen ebaluazioa eta 2017an egin diren 25 parte-hartze prozesuak.

"Gure ustez, aurrerapauso bat da tresna demokratikoetan sakontzeko, aukera ematen baitu herritarren ahotsa askoz ñabardura gehiagorekin jasotzeko"

 

Toki-erakundeen DNA

Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Pablo Azconak esan du herritarren parte-hartzea "toki-erakundeen DNA dela, eta, modu arautuan, lausoan edo informalean, udalen edo kontzejuen jarduera guztira iristen dela.

Balio hori zaindu behar dugu, eta aprobetxatu egin behar dugu aukera hori".

Azpimarratu du zeinen garrantzitsua den parte-hartzea toki-korporazioetan, eta horrek metodo konplexuak eta desberdinak behar dituela.

Hori dela eta, 2016ko maiatzean, gobernuak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Federazioarekin, azaldu du Azconak, "tresnak izan ditzaten gauzak ahalik eta ondoen egiteko".

 

Bi urte lankidetzan

2016rako finkatutako helburuez gain —horietako batzuk ziren herritarren parte-hartzearen garrantziari buruz sentsibilizatzea, herritarren beharrak ezagutzea, eta ekintza zehatzak planifikatzen hastea—, ekintza hauetan jarri zuten arreta 2017an: kargudun publikoei berariazko trebakuntza ematea, partaidetzazko aurrekontuei buruzko topaketak antolatzea, eta garapen-eragileetan trebakuntza ematea.

Lan horrek guztiak jarraipena izango du 2018an.

Urte honetarako, honako hauek planifikatu dira: herritarrek parte hartzeko tresna eta teknikei buruzko saio bat, gidaliburuak egitea —gaur aurkeztu dira—, udaletako teknikarientzako trebakuntza-saio bat, behar diren aholkularitza-eskaerak asetzea, tokiko herritarren parte-hartzeari buruzko bideo bat egitea, eta 8.000 biztanle baino gehiagoko udaletan herritarrek parte hartzeko udal planei buruzko gidaliburua aurkeztea.

Gaur aurkeztu diren hiru gidaliburu horiek udal, partzuergo eta batzar guztiei bidaliko zaizkie datozen egunetan, eta, nahi duten herritarrek participaciónciudadana@navarra.es helbide elektronikoaren bidez eska ditzakete.

Gainera, eskura egongo dira, formatu elektronikoan, Gobernu Irekiaren atarian eta NUKFren webgunean. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!