ETAren biktimak oroitzeko plakak jartzen hasi da Iruñeko Udala; momentuz bi jarri ditu. Bat, Alde Zaharrean, Xabier karrikan, Alfredo Aguirre Belaskoain 14 urteko gaztea oroitzeko; eta beste bat, Arrotxapean, Marzelo Zelaieta karrikan, Espainiako Polizia zen Ángel Postigo Mejoias omentzeko.
Guztira, 27 dira Iruñean dauden ETAren biktimak, baina denek ez dute oroigarririk izanen, udalak familien adostasunarekin paratu nahi ditu-eta. Momentuz, bost familiekin jarri da harremanen udala: hiru familiek uko egin diote plaka jartzeari eta horietako batek "sufrimentuaren betiereko oritzapena” litzatekeelakoan errefusatu du gonbita.
Biktimen datuen zain
2016ko ekainaren 2an agindu zien Parlamentuak ETAren biktimen aldeko plakak jartzeko Nafarroako Gobernuari eta udalei. Horrez geroztik, Iruñeko Udala eskaria kudeatzen aritu da, Espainiako Barne Ministerioari biktimen kontaktuak eskatuz. Orain artean, ordea, ez du kontrakturik jaso, eta, beraz, bide informaletara joaz lortu du biktimekin harremanetan jartzea. Barne ministeriotik familiekin hitz egiteko aukera zabaldu ahala, plaka gehiago jarriko ditu udalak.
Plaketan, biktimaren izena, jaiotze data eta heriotza data izkiriatuko dituzte, ETAren biktimak direla argitzearekin bat.