Bi enpresa aurkeztu dira Civivox sareko zentroetako -Kondestable, Juslarrocha, Iturrama, Mendillorri, Sanduzelai, Zabalgunea eta Milagrosa- eta San Joan Bosco Zentroko zerbitzu soziokulturalen kudeaketa-kontratu berria bere gain hartzeko. Urteko lizitazio-prezioak 3.214.800 euro jotzen du, honela banatuta: 2,1 milioi euro, Civivoxen kudeaketarako; 1.064.500, programaziorako; eta 50.000 euro, soinu eta argiztapenerako laguntza teknikorako. Sedena SL eta Kaizen Eureka SL-k eta Ortzadar SL-k osatzen duten aldi baterako enpresa-elkartea (ABEE) aurkeztu dira.
Lizitazio berrian zentroen ordutegia ordubete luzatu da, zentroak 22:00ak arte zabalik egongo direlarik astelehenetik larunbatera; Kondestable Civivoxa eta oraindik zehazteke dagoen beste zentro bat ikasturteko igandeetan zabalduko dira; eta Civivox guztietako argibide-guneetan jendaurreko arreta hirian dauden bi hizkuntza koofizialetan egingo da. Testu berria idazterakoan kontuan hartu dira sektoreak kontsulta-epean egin dituen ekarpenak. Kontratua -lehen zerbitzuak ematekoa eta orain laguntza-kontratua- bi urtez egongo da indarrean, urtebeteko bi luzapen egiteko aukerarekin.
Baldintza-agiriak ezartzen duenarekin bat, programazioa lau hilekoa izango da -orain arte hiru hilekoa zen-, eta oreka handiagoa egon beharko da gizartearen eta erakundeen ekimenen artean, bai eta auzotarrei eta herritarrei, oro har, zuzendutako jardueren artean ere. Esate baterako, herritarrei zuzendutako 500 ikastaro eta 400 jarduera egingo dira urtean, gutxi gorabehera: hitzaldiak, ikuskizunak, bisita gidatuak, lehiaketak, zinema-emanaldiak, erakusketak... Irizpide orokor gisa, lau jardueretatik bat euskaraz izango da. Horrez gain, Civivoxak non eta auzo horien engaiamendua areagotu nahi du baldintza-agiri berriak, eta hartara, zentro bakoitzeko jardunaren % 10 Civivoxa non eta inguru horri lotuta egotea ezarri da.
Kontratua indarrean dagoen bitartean kontratua gauzatzen duten langileei aisialdi hezkuntzako eta kultur animazioko hitzarmena aplikatuko zaie. Udalak konpromiso hori mantentzen du. Halaber, bi gizarte-irizpide erantsi dira eskaintzak baloratzeko: gizarte-egoera ahulean dauden kolektiboetako pertsonak kontratatzea, eta kontratazio berrien hitzarmenean jasotako soldata-hobekuntzak.