Iruñeko Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrak apartamentu turistikoaren figura arautzeko proposamena aurkeztu du Hirigintza Kontseiluan. Alorreko buru Joxe Abaurreak azaldu duenez, helburu nagusia balizko saturazioa ekiditea da.
Proposamenak hiru zutabe ditu. Lehena, Plangintza Orokorrean pisuok “behin-behineko etxebizitza erabileraren” barruan sartzea, hotelekin eta ostatuekin batera. Bigarrena, hiri osoan homologatzea halako apartamentuak zabaltzeko bete beharreko baldintzak, eta horien artean bat izatea lehen solairuan egon behar izatea. Eta hirugarrena, Alde Zaharrean gutxieneko distantzia bat ezartzea osoki pisu turistikoz osaturiko eraikinen artean.
Proposamenaren sorburua, Iruñeko Turismo Plan Estrategikoa 2017-2019. EGitasmo horrek finkatzen dituen ardatzen artean bat, turismoaren “jasangarritasuna bermatzea, ingurumen, ekonomia eta gizarte irizpideen arabera, eta bisitarien, industriaren, inguruaren, eta auzokideen beharrak asetzea”.
Iruñean legez kanpoko 227 apartamentu turistiko atzeman dituzte, eta horietan 790 lagunentzako plazak eskaintzen dituzte. Legearen barruan, Iruñean orotara 149 apartamentu turistiko daude, eta 939 plaza. Alde Zaharrean, 165,6 plaza turistiko daude, 1.000 biztanleko.