Aurrekontuak babestu ezean, udal taldearen parte ez zela izanen esan zion Joseba Asiron alkateak Aranzadiri, aurrekontuak ez babesteko asmoa azaldu zuenean -Labriteko zonaldean bidegorria ezartzeko sailik ez zegoelako eta alderdiaren oinarriek aurkeztutako proiektua zutelako babesten ez zion oniritzirik eman aurrekontuei-; dena dela, gauzak aldatu dira, eta aurrekontuei sostengua emanen die Aranzadik, proiektuaren inguruko "kontrako arrazoiak" badauzka ere.
"Aurrekontuak aurrera aterako dira, aldaketan sakontzeko", adierazi du Aranzadik, ohar baten bidez; baina, ñabardura ere egin du, kritiko izateari utzi gabe: "Ezin dugu adeitsuak izan, gure aburuz, harago joan beharko luketen aurrekontuekin".
Udal gobernuko kideekin ados ez egoteko duen eskubidea defendatu du Aranzadik eta "sosegua eta lasaitasuna" eskatu dizkie gainontzeko hiru formazioei.