Ekimen honen helburu nagusiak hauek dira:
- Martxan dauden alternatibak hedatzea eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko
- Mobilizazioaren eta gizartea aktibatzearen beharra azpimarratu, trantsizio soziala eta ekologikoa gauzatzeko
- Sareak sortu eta aliantzak egin eta indartzea Alternatiben Herria ospatu eta gero elkarrekin lanean jarraitzeko
Iruñean Alternatiben Herria antolatzeko deialdia egin dute. Iruñeko Katakrak liburudendan, asanblada irekia deitu dute gaur arratsaldeko 18:00etan. Heldu den urteko ekainaren 2an egin nahi dute Alternatiben Herria eta antolatzen hasteko deialdia da gaurko hori.
Aldarrikapen eta festa eguna izango da, proposamen ugariren erakuslea, handiak nahiz txikiak, egunerokoan betetzen gaituztenak. Ekimena bera bezain garrantzitsua da antolatzeko modua. Auzolanean egitea proposatzen dugu, parte hartu, eztabaidatu eta elkarrekin eragin nahi duten eragile eta pertsona guztien artean.
Alternatibak badaudela eta martxan daudela erakutsi nahi dugu, sistema dela aldatu beharrekoa. Horregatik beste gizarte eredu bat aldarrikatzen dugu, erdian pertsonak jarriz. Ongi bizitzeko, pertsonen eta herrien beharrak asetzeko, geure burua zaintzeko eta Lurra zaintzeko, dominazio eta injustiziarekin bukatzeko.