Turismo etno-kulturala bultzatzeko asmoz sortu zen Kukubat elkartea da Nafar Tortillaren I egunaren bultzatzailea, Nafarroako Gobernuaren Turismo Departamentuaren laguntzaz.
Juan Inazio Hartsuaga Kukubateko kideak azaldu duenez Nafarroakoa da gaur egun patata tortillatzat ematen dugunaren lehen aipamena. Badira beste aipamen batzuk zaharragoak eta ontzat hartzen direnak, Badajozeko Villanueva de la Serena herrikoa, esate baterako, baina horietan arrautzarik ez zen erabiltzen.
Horrela azaltzen du Hartsuagak ekimen honen abiapuntua: “bisita gidatu batzuetarako gastronomiari buruzko informazioa osatzerakoan, tortillaren jatorria ikertzen ibili ginen Mikoleta elkarteko kideekin batera. Bilboaldean kontatzen denez, patata tortillaren jatorriak lehenengo Gudu Karlistara garamatza. Begoñako baserri batean Zumalakarregiri egin omen zion etxekoandre batek, arrautzak eta patatak besterik ez zituela, lehenengo patata tortillatzat har litekeena. Zumalakarregiri janari ona, merkea eta elikagarria zela iritzita, tropari ematen hastea erabaki zuen eta horren geroztik handik zabaldu omen zen bazter guztietara.”
Halere, Juan Inazio Hartsuaga ikertzaileak gai horretan sakontzen jardun du eta Nafarroan aurkitu du patata tortillaren lehen aipamen dokumentatua, 1817an: “euskeraz “Nafarroako Gorteen ate azpiko gutunen bilduma” esan genezakeen eta gaztelaniaz “Memorial de Ratonera” deitutako batean. Ate azpiko gutunak edo Memorial de Ratonera delakoa, gaur egun “buzoiko iradokizunak” esango genukeen moduko zerbait zen, buzoirik ezean, Nafar Gorteetako ate azpiko zirrikitutik pasatzen ziren idatziak zirelako, haiek aztertu eta eztabaidatu zitzaten. Nolabait esateko, Gorteei proposamenak bidaltzeko aukera hori gaur egun Arartekoaren aitzindaria dugu.
Aipamen hau ezaguna zen hainbat adituren artean, baina duela urte batzuk bigarren mailan geratu zen, aipamen zaharrago baten berria argitaratu zenean Espainiako prentsa eta komunikabideetan.
Azken horren arabera, Badajozko Villanueva de la Serena herrian bazen patata tortillaren aipamen zaharrago bat, 1798koa hain zuzen ere: Semanario de agricultura y artes dirigido a los párrocos (16/8/1798, 85 zk., 15. orrialdea).
Albisteak serioa zirudien, CSICeko ikerlari batek egina zelako eta dokumentuaren erreferentzia zehatza aipatzen zelako. Hortaz ontzat eman zen besterik gabe, nafar lekukotza baztertuta utziz. Hala ere, iturri dokumentalak hain doi zehazteak eta errezetaren deskribapena inon ez azaltzeak nire susmoak piztu zituen. Izan ere, oso egokia ez zela aurkitu nuen, dokumentu horretan agertzen den errezetak zer ikusi gutxi duelako patata tortillarekin, baizik eta patatazko ogiarekin.
Beraz, patata tortillaren lehen albiste dokumentatua Nafarroakoa dela dirudi, gaur egun behintzat, horrek duen garrantzia eta merezi duen arreta guztiarekin.”
Nafarroako Gorteetan 1817an jaso zen gutun horretan nafar nekazarien bizimodu eta elikadura deskribatzen duen pasarte batean daukagu patata tortillaren lehen deskribapena:
“ … dos o tres huevos en tortila para cinco o seis, porque nuestras mujeres la saben hacer grande y gorda con pocos huevos, mezclando patatas, atapurres de pan u otra cosa.”
Gisatuetan eta tortilletan erabiltzen dela esaten du argi eta garbi albiste honek, baina “tortilla” hitzak 1767an ez zuen gaur egun duen “arrautza tortilla” esanahi inplizitoa, “Talo” formako edozeri esaten zitzaion orduan “tortilla”, ondoan zehaztuz zein osagarriz egina zegoen.
Honetaz gain badago beste aipamen bat, Belgikako Liejan 1604ean, non patata tortillaren aitzindaria litekeena aipatzen den.
Testu honetan "tartoufle" aipatzen da, baina ez da patataz ari. Patatak Belgikara liburua argitaratu zen 1604 urtea baino lehenago iritsi ziren. Halere, liburu hori zorrotzago aztertu zutenek aurkitu zuten, bertan egiten den bankete baten deskribapenean, aipatu platera zerbitzatu zela, eta bankete hori, 1557n egin zela, patatak Belgikara iritsi aurretik. Beraz, horretaz jabetu zirenetik aditu guztiak bat datoz esaterakoan bertan ageri diren tartoufle zorionekoak ez direla patatak, trufak baizik.
Nafar Tortillaren 1. lehiaketa
Nafar Tortillaren 1. Lehiaketa 2017ko abenduaren 17an egingo da, goizez. Iruñeko Zentral aretoan izanen da.
Lehiaketara edozein peña, taberna, jatetxe, kuadrilla, talde edo pertsona aurkeztu daiteke, eta hauetako bakoitzak tortilla bina aurkeztu ahal izanen ditu. Tortilla lehiaketaz gain bertso eta jota saioak egongo diren, baita nafar tortillen dastaketa ere.
Izena emateko epea 2017ko abenduaren 15ean, gaueko 24:00etan amaituko da info@kukubat.eus helbidean.
Tortillak 12:00etatik 12:30era aurkeztuko dira Zentralen.
Tortillak eginda eraman beharko dira. Iruñean sukaldatzerik ez dutenentzat sukalde gutxi batzuk eskainiko dira. Behar dutenek izena ematean adierazi beharko dute. Sukaldeak erabiltzeko baimenak eskatu izanaren ordenaren arabera esleituko dira.
Tortillaren oinarrizko osagaiak patatak, arrautzak eta ogi apurrak izango dira. Horiez gain osagai gehiago eduki ditzakete. Osagai horiek dokumentatuta dagoen lehenengo tortilla errezetaren omenez aukeratu dira. Hau 1817ko “Memorial de Ratonera” deritzonean ageri da:
"… bi edo hiru arrautza tortillan bost edo sei laguntzentzat, gure emakumeek arrautza gutxirekin tortilla handi eta lodiak egiten dakitelako, patatak, atapurrak eta beste zerbait nahastuta…"
Epaimahaiak irabazlea egun bereko 13:30ean jakitera emanen du.
Saridunek honako hau jasoko dute, irabazleak jakitera ematen diren momentuan bertan:
1. Saria: 300 €
2. Saria: 200 €
3. Saria: 100 €
Diruaz gain saridun guztiei janari eta edari otar bana emanen zaie.