"Negoziazioa blokeatuta dago enpresaren zuzendaritzarekin", nabarmendu du Misericordia etxeko enpresa komiteko buru Susana Layak. Ez aurrera ez atzera. Hala daude duela zenbait hilabete Misericordia etxean lanean dihardutenek. "Lan hitzarmen duina behar dugu" nabarmentzen dute euren protestetan. Abenduaren 16tik lanuzteak eginen dituzte eta egoera hobetu ezean greba mugagabera joko dute abenduaren 22tik aurrera.
Negoziazioa da eskatzen ari direna lan hitzarmen duin bat lortu ahal izateko. Zuzendaritzari minimo batzuk ere jarri dizkiote mahai gainean: KPIari dagokion hazkundea izatea datozen lau urteetan, hitzarmena blindatzea, langile guztientzat bi egun gutxiagoko lanaldia eta langileen %80k izatea kontratu mugagabea.
310 langile aritzen dira Misericordia etxean egun eta 555 erabiltzaile zaintzen dituzte.
Asteazkenean negoziaziorako aukera
Abenduaren 13an dute hitzartua bilera enpresa komiteak eta zuzendaritzak. Langileek uste dute mahai baten bueltan esertzeko proposamena onartu badu zuzendaritzak, langileek planteatutako minimoak aintzat hartu dituelako izanen dela.