Hezkuntzak ikuskari izateko 14 plaza deitu ditu, 7 euskaraz eta 7 gaztelaniaz

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 6a, 19:39

Arg: http://www.oposicionesmaestrosinfantilyprimaria.es

Eskariak azaroaren 27ra bitartean aurkeztu ahalko dira, eta oposizio aldia otsailaren 10tik aurrera hasiko da.

Hezkuntza departamenduak ikuskaritzan aritzeko 14 plaza atera ditu, zazpina euskaraz eta gaztelaniaz. Bihar, azaroak 7, argitaratuko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean; hala, eskariak aurkezteko epea deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera egongo da zabalik, 20 egun naturalez. Eskatzaileek instantzia bideratu beharko dute Hezkuntza departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzura; horretarako, nagusiki, Hezkuntzako errolda, Nafarroako gobernuaren gainerako erroldak, edo deialdian bertan esaten diren gainerako aukerak baliatu ahalko dituzte eskariak aurkezteko.

Hezkuntza ikuskatzaileen azkeneko lan-deialdi publikoa 2008an izan zen; orduan gaztelaniaz 6 plaza eta euskara 4 atera ziren. Oraingoan, berriz, zazpina izango dira. Euskarazko plazen hautagaiek EGA ala agiri baliokidea aurkeztu beharko dute.

Gaur egun 26 ikuskari ari dira Hezkuntza departamenduko Ikuskaritza zerbitzuan, zerbitzu-buruaz gain; 26 horietako 9 plaza titularrek betetzen dituzte, beste 17, aldiz, behin behineko ikuskatzaileak dira. 17 horietatik 3 ez dira lehiaketara aterako, zerbitzu burua ordezkatzen duen pertsonarena bata, eta 2015 ezkero erretiratutako birena.

Lan eskaintza publikoari dagokionez, oposaketaren fasean ezagutza pedagogiko, administratibo eta legegileak baloratuko dira, baita ikuskatzaile lanetarako ezagutza tekniko espezifikoak ere; lehiaketa aldian, hautagaien merituak baloratuko dira, deialdiaren I. Gehigarrian azaltzen denari jarraituz. Azkenik, praktika-aldian, hezkuntza-ikuskatzaile lanetan jarduteko hautagaien beharrezko trebakuntza baloratuko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!