Musulmanendako ehorzketa zerbitzua eskainiko du Iruñeak

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 21a, 08:31
Argazkia: Iruñeko hilerria.

Gainerako herritarrei eskaintzen zaizkien baldintza berdinetan emango da zerbitzua, salbu eta ehorzketen orientazioari dagokionez.

Udaberriaz geroztik Iruñeko herritar musulmanen ehorzketak egiten ari dira udal-hilerriko 22. koadroaren zati batean. Zerbitzu hau Iruñerriko Komunitate Islamiarraren proposamenaren harira garatu da, eta hilerriko gune horren antolaketa moldatzea baino ez du ekarri berekin; izan ere, erlijio musulmanean hilotzak eskuineko albo-etzaneran (saiheska, eskuineko sorbaldan bermatuta) ehortzi behar dira, eta Mekara begira.

Egokitzapen-lanak ekainean bukatu ziren eta Iruña Construccionesek egin zituen, 10.459 euroren truke. Fabrika-obra bat egin dute, antolamendu berria ahalbidetu eta hilobien antolaketa errazteko, 22. koadroko kanpoko eremuan musulmanak ez direnen hilobiak baitaude.Hala, 218 m2-ko gunean 70 ehorztoki daude, zenbakituta, eta aurreikusita dago beste gune bat egokitzea etorkizunean 70 gehiago paratzeko, bi guneen artean lorategi-eremu bat egonen delarik. Ehorztoki bakoitzaren neurriak 1,25 x 2,50 metro dira.

Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek, Iruñeko alkate Joseba Asiron buru izan dutela, eta Iruñeko Komunitate Islamiarraren Batzordeko kideek San Jose hilerrian egokitutako gune berria bisitatu dute gaur goizean. Gune horri esker Iruñeko musulmanek ez dituzte haien hilotzak aberriratu beharko –orain arte hori egiten zuten, batez beste 6.000 euroko gastuarekin– edo Zaragozara eraman beharko, non 2013tik zerbitzu hori eskaintzen baita, Aragoiko hiriburuak bertako komunitate islamiarrarekin sinatu zuen hitzarmenari esker.

Egia esan, hilobi horiek gainerako lurreko ehorzketen tasa eta betekizun berberak bete behar dituzte, hala tokiak 10 urtez esleitzeko nola horiek berritu edo, hala badagokie, gorpuzkiak hezurtegi bateratu batera lekualdatzeko. Dagoeneko konpondu dira ehorzketa musulmanen eta kristauen arteko hasierako desberdintasunak (zuzenean ehorztea, hilkutxarik eta hilotzaren prestaketa erritualik gabe). Egun, Iruñeko musulmanek haien ehorzketetan hilkutxak erabiltzen dituzte; era berean, hiriko beilatokiek erlijio horren heriotza-errituendako gune bereziak dituzte, eta horrela Hileta Osasunari buruzko erregelamendua betetzen da.

Gaur egun, Nafarroan 30 komunitate musulman daude erlijio-entitateen erregistroan izena emanda: denak Erriberan daude, Iruñekoa izan ezik, Iruñeko Al-Badr Meskita-komunitate islamiarra izenekoa. Iruñean jatorriz musulmanak izan daitezkeen herritarren herrialde nagusiak Maroko, Aljeria eta Pakistan dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!