Circ Bover konpainiak hasiera emanen die Harresietako jaialdiko kaleko ikuskizunei, bihar, asteartearekin, Ziudadelan. Zirku-ikuskizun bat eskainiko du, 20:00etan, horma-atalean, zirku garaikideenaz gozatu nahi duen edonorentzat. Ikuskizunaren izena Vincles da, Circ Boveren ekoizpen berezi bat, konpainiaren hamargarren urteurrena ospatzeko.
Banbu-kanaberen bitartez eraikitako muntaia da. Elementu sinple horrekin eraikitzen da zirku-arteen dotoretasuna eta teknika helaraztea helburu duen ikuskizuna, oso bestelakoa den eta aurrekaririk gabeko muntaia baten bidez, konpainiak dioenez. Funtsezko elementu eszenikoak eraldatuz joango dira, emozioekin batera, eta lotura horren bitartez mamituko dira zirku garaikideko ikuskizun zenbait. Hala, Circ Bover konpainiak agerian utzi nahi du funtsetik abiatuta, elementu sinpleetatik abiatuta, lortu ahal dela sofistikazioa eta sekulako kalitate artistiko zein teknikoa.
Vinclesen talde artistikoak ibilbide luzea eta eskarmentu handia ditu zirku garaikidearen arloan, eta horiek baliatuta ikuskizun berritzaile bat sortu nahi du, konpainiaren oinarrizko ezaugarriekiko fideltasuna gordeta, hots, lengoaia berriak bilatzea, kalitate artistiko zein teknikoa, xalotasuna eta moldagarritasuna, zuzeneko musika, ikusleekiko gertutasuna, eta begikotasuna.
Jatorrizko ideia Tià Jordàrena da, eta Pau Bachero da zuzendari eta dramaturgoa. Camille Sola, Guillaume Peudon, Gràcia Moragues eta Mateu Canyellesek osatzen dute antzezle-zerrenda. Ikuskizunak 55 minutu irautea aurreikusita dago.
Kaleko ikuskizun gehiago izango dira Ziudadelan, abuztuaren 9an, asteazkenarekin, hitzordu bikoitz batekin: Doos Colectivo, 20:00etan; eta Claire Ducreux, 20:30ean.