Alberto Ros eta Jose Ignacio Agorretaren erakusketak, Ziudadelan

Euskalerria Irratia 2017ko abu. 2a, 08:14

Erakusketak asteartetik ostiralera ikus daitezke, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Ziudadelako aretoetan abuztu hasieran Alberto Ros eta José Ignacio Agorretaren erakusketak egongo dira ikusgai, baita Iruñeko Udalaren arte garaikidearen bildumako eta DKV Segurosen bildumako hogeita hamar obra ere. Erakusketak asteartetik ostiralera ikus daitezke, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara. Horiez gain, lorategietan Quattuor ikus daiteke, arkitektura iragankorren inguruko instalazio bat.

Lo que nos rodea - Inguratzen gaituena Ziudadelako Arma Aretoan ikus daiteke irailaren 24ra arte. Hogeita hamar egileren begirada biltzen du pil-pilean dauden gaiei buruz, hala nola ekologia, gosea eta pobrezia, migrazioak, gerra, emakumea, teknologia eta ideologiak. Iruñeko Udalak arte garaikidearen bildumaren zati bat aurkezten duen bigarren aldia da, Hiriartea proiektuaren barruan, Ziudadelan kultura garaikideko gune bat sortzea xede hartuta. Udalaren bilduma 1993an hasi zen, eta gaur egun 600 lan biltzen ditu, diziplina orotako 400 artistarenak. DKV bilduma duela ia hamarkada bat jaio zen, ospitale jakin bateko gune komunak gizatiartzeko asmoz, eta ia 250 artistaren 600 lan baino gehiago biltzen ditu.

Erakusketan honako artista hauen lanak ikus daitezke: Carlos Aires, Chema Alvargonzález, Elssie Ansareo, Xavier Arenós, Mira Bernabeu, David Bestué, Misha Bies Golas, Edward Burtynsky, Soledad Córdoba, Nezaket Ekici, Enric Fort Ballester, Curro González, Dionisio González, José Antonio Hernández Díez, Carlos Irijalba, Abigail Lazkoz, Yann Leto, Cristina Lucas, Juan José Martín, Mireya Masó, Antonio Montalvo, Antoni Muntadas, Guillermo Paneque, Aleix Plademunt, Paco Polán, Inmaculada Salinas, Montserrat Soto, Javier Velasco, Nicholas Woods eta Iosu Zapata.

Argazkiak, Labean; Mistoen eraikinean, pintura

Alberto Rosek gizakien fisikotasunari eta ezkutuko emozioei buruz hausnartuko du Ziudadelako Labean dagoen erakusketan, iluntasunak eta argi-puntuek markatutako erretratuen bidez. Bertan indar handiko irudiak daude, non nagusi diren iluntasuna, argi-puntuek markatutako biziguneak eta fokuratze eta konposizioek sortutako kontrasteak. Aurpegi estaliak, adierazpen partzialak, aurpegirik gabeko erretratuak, galdutako edo ezkutatutako begiradak, keinuak, sentimenduak, irudi misteriotsuak, lausoak, kezkagarriak, irudimena piztu eta ikuslearen begiradaren araberako sentsazioak iradokitzen dituztenak. Argazkiak ateratzeko, Rosek XIX. mendeko teknika bat erabili du, “kolodioi hezea” deiturikoa. Teknika horrekin originalak argazki-kameratik zuzenean ateratzen dira, aluminio edo kristalezko panelen bidez. Abuztuaren 13ra bitarte egongo da zabalik.

José Ignacio Agorreta iruindarraren erakusketa Mistoen eraikinean egongo da ikusgai irailaren 24ra arte. 45 koadrotako hautaketa bat aurkeztuko du –olio-pinturak mihise gainean–, non hausnarketa egiten baitu eguneroko gune, leku eta elementuak margotuta, zerbait uzteak, bakardadeak eta denboraren joanak dituen ondorioei buruz. 2012 eta 2017 artean margotu ditu koadroak, eta erakusketa hiru ataletan banatzen da –Garraioak, Aztarrenak eta Orekak– non gelak, elementuak eta natura bera ere irudikatzen dituen, argiaren garrantzia azpimarratuz. Margotutako guneen utzikeriaren eta bakardadearen “argi isila, egunak igaro ahala gero eta zuriagoa”, kromatismo bitxi batekin: kolore motelduak, okreak, zuri hautsiak..., denboraren iraganaren ahanztura irudikatzen duten leku eta objektu horiekin bat egiten dutelarik.

Laugarren proposamena lorategietan dago, arkitektura iragankorren inguruko instalazio bat, Quattuor, Fernando Molina, Sofía Urzainqui, José Rodríguez eta Maite Rodríguezek egina. Abuztuaren 31ra arte dago ikusgai, eta naturaren eta gizakiaren arteko kontrastea irudikatu nahi duten lau egitura handi dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!