Iruñeko Udala: aldaketa "egonkortuta" dago, "egiteke asko" dagoen arren

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 30a, 08:24

Bizi kalitateak "hobera" egitea da udal gobernuaren ildo nagusia, "bereziki okerren bizi direnen horienak", Joseba Asiron Iruñeko alkateak Hiriaren Egoerari Buruzko Eztabaidan esan duenez. 

Aldaketa "errotuta" dago. Hori da Joseba Asiron Iruñeko alkateak ziurtatu duena. Kudeaketa "egokia" izaten ari dela azpimarratu du, "arrakastakeriaren" diskurtsotik ihesi. Hiriaren Egoerari Buruzko Eztabaidan, Udal Gobernuan ildo nagusia bizi kalitateak hobera egitea dela esan du, bereziki "egoera gogorrean dauden persona horienak". "Helbura da hiritarren bizi kalitatea bermatzea eta okerren bizi direnen hobekuntza; horretan kokatu behar dugu gure ahalegin nagusia. Politika soziala da lerro nagusi bat, kultura, memoria... bezala", adierazi du Asironek.

Iruñeko udalaren jardunaren ildoak markatu ditu: politika sozialak, parte hartzea, gardentasuna, kudeaketa gaitasuna eta auzoen biziberritzea. Horietako asko martxan daudela azpimarratuta, eredu zehatzak jarri ditu: Erdigune proiektua, Turismo Plan Nagusia, Zabalgunearen egokitze Plana, Udaltzaingoa Zuzentzeko Plana...

"Oposizioak kontrakoa ikusarazi nahi duen arren", Iruñea "bestelakoa" dela ziurtatu, eta datuak jarri ditu mahai gainean: diru sarrerak %4,6 handitu ditu udalak, eta zorra, murriztu, 102 milioi eurotik 86 milioi eurora. Eskuinaren alderdiek "geldotasuna eta ekimen eza" leporatu dizkiote udal gobernuari, Asironen irudiko, baina, ez dago "kaosik", eskuinak esan duen gisan.

Konfiantza krisiaren harira

Autokritikari ere tartea egin dio alkateak. "Konfiantza krisia" egon dela izan du gogoan, baina oraindik ere bi urte falta direla aipatu du, eta "egiteko asko" dagoela: "Ez dut uste desadostasunak kudeaketa mailan kokatzen direnik. Alderdien arteko konfiantza falta egon da momentu batzuetan, baina ez da momentu hau urduri jartzeko; oraindik falta dira azken bi urteak. Ez da alderdikerietan erortzeko momentua". 

Dena ez da arrosa kolorekoa, baina. Nabarmena izan da aurten Udal Gobernuko kideen arteko krisia. Ezkerrak eta Aranzadik erabakiak "kontsentsuz eta ez gehiengoz" hartzeko eskatu zioten EH Bilduri.

"Konfiantza krisia". Horra aitatu zuten terminoa. Ezkerraren eta Aranzadiren aburuz, ordea, bideratzen hasi dago. Biek ala biek akordio programatikoan paratu dute konfiantza. 

Oposizioa, zorrotz

Zorrotz mintzatu dira UPN eta PSN. "Kaosa kudeatu nahian KO egotea" leporatu dio Enrique Maya UPNko zinegotziak Joseba Asiron alkateari, hitz jolas bat egin nahian. "Deus" egin ez duela leporatu dio udal gobernuari, eta makina bat gai jarri ditu mahai gainean: Pirritx eta Porrotx "Batasunaren pailazoak" deitzea, txosnak "sektarioak" direla eta tabernarien "kaltean" muntatzea...

Ildo beretik jo du PSNko Maite Esporrinek, ·herritarrak bide batean eta Asiron bestean" doaz, haren aburuz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!