Bidea urratu zutenak. 1970eko hamarkadan, peñak gizonentzako eremua zirenean, sartzen ahalegindu ziren emakume horiek. Aitzindariak izan ziren. Eta, horregatik, omenaldia eginen diete Memoriaren Autobusak eta Iruñeko Peñen Federazioak, Txupin Etxepare saria emanen diete, uztailaren 1ean, Santa Ana plazan, 14:00etan.
"Bide luzea gelditzen bada ere, emakume horiek etapa bat hasi eta etorkizuna markatu zuten, herrikoiagoa eta eredu patriarkala apurtzen zuena", esan du Memoriaren Autobuseko kide Ana Barrenak.
Emakume "borrokalari, apurtzaile eta alaiei" eskainiko diete, "haiek konkistatu baitzuten espazio publiko eta pribatua, emakumeei ixten zitzaiena, festak herrikoiagoak eta parekideagoak izan zitezen".
Parekidetasunaren bidean asko geratzen dela onartu zuten Txupin Etxepareren antolatzaileek, baina aurrera egindako urrats horiek omendu nahi izan dituzte.