‘Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ da Iruñeko Udalak 2017an bultzatutako estrategiaren leloa. Estrategiak barne hartzen ditu hurrengo sanferminetako prebentzio-, informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina, eta aurten ugaritu egin ditu jarduketak, esku gorria –kanpainaren ikurra– etengabe ager dadin gure hiriko kaleetan. Izan ere, informazio-gidak, kartelak, pinak, banderatxoak edota paperezko ezpainzapiak –ikurra jasota– banatzeaz gain, Udalak bideo bat egin du, lantegiak antolatu ditu, hitzarmenak sinatu ditu esku gorria ager dadin autobusetan, villavesetan, garbiketa-kamioietan, taxietan eta trenetan, eta komunikabideen aurrean gai honekiko aurkezpen bereziak eginen ditu. Horrekin batera, eraso sexistei aurre egiteko jarduketa-marko bat ezarri du, berariazko protokoloen bidez, modu koordinatuan egin daitezen poliziaren esku-hartzeak, biktimeendako arta eta laguntza eta herritarren zein erakundeen erantzunak.
Kanpainaren zehaztasun guztiak gaur eman dituzte gaur goizean prentsaurreko batean Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi berezi Laura Berrok, Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkari Aritz Romeok, Gizarte Ekintza eta Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok eta Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zuzendari Axel Morenok.
Prentsaurrekoan bideoa ikusi dute. Bertan, festaren eta hiriaren ordezkari batzuek, besteak beste alkateak, eraso sexisten kontrako arbuioa erakutsi dute eta Iruñearen jarrera irmoa agertu dute emakumeen kontrako indarkeria gaitzesten duen hiri gisara.
Hiriaren jarrera, sanferminez harago
“Ez bagara erantzun aktiboaren parte, indarkeriaren tolerantziaren parte pasiboa izanen gara”; horra ekimen honen abiapuntua, bai eta kontuan hartzea emakumeen kontrako indarkeriak oinarri duela gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna, ez baita ez “fenomeno bat” ez “portaera ekidinezina”. Kanpainaren oinarrizko gogoeta da festa-giroak ez duela ezin saihestuzko bilakatzen eraso sexistak eta horien barruan sexu-erasoak gertatzea. Ez da inolaz ere onargarria ezein festa-ospakizunetan emakumeen eskubideak eta gizartearen zein erakundeen erantzukizunak bertan behera geratzea.
Hori horrela, eta sanferminez harago, Iruñeak agerian egiten du aldarri, hala erakundeei nola gizarteari dagokienez, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka eta lehentasun ezartzen du erasoak salatzea eta biktimak babestea. ‘Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ leloak esan nahi du, hain zuzen, “hiri bat aske izanen dela bakarrik bertako emakumeak aske mugitzen direnean hirian barna, beldurrik eta indarkeriarik gabe”, eta eraiki behar dugun hirian ez dagoela tokirik emakumeen kontrako ezein erasorentzat. Erakundeen arteko lana, herritarrekiko lotura eta Udalaren egitura osoa arazo honekiko zeharka engaiatzea dira gakoak helburu hori erdiesteko, eta, hori horrela, ekitaldian zeuden zinegotziek azpimarratu bezala, elkar hartuta ari dira lanean, Sanferminak Berdintasunean taldean ordezkaritza duen ehun feministarekin batera, Udaleko hainbat alor: Herritarren Partaidetza, Berdintasun eta Gizarte Ahalduntzekoa, Gizarte Ekintza eta Komunitate Garapenekoa, eta Herritarren Segurtasunekoa. Halaber, azpimarratzekoa da Udaleko Komunikazio Zerbitzuaren eginkizuna, zeina Gobernu Gardeneko Alorrean txertaturik baitago.
Helburuak: erasoak desagerraraztea, herritarrak engaiatzea eta baliabideen berri ematea
Hona sanferminei begira abiatu den kanpainaren helburu orokorrak: festetan eraso sexistak errotik desagertzeko Udalaren konpromisoa sendotzea; herritarrak engaiatzea hiri osoa lerratu dadin eraso sexisten kontra; posible egitea emakumeek hiria bizi dezaten esparru aske eta segurutzat; informazioa ematea festetan eraso sexistei aurre egiteko erabilgarri dauden baliabideei buruz: orientabideak, artak eta salaketak; eta erantzun koordinatua ematea, herritarrak eta erakundeak elkar hartuta, eraso sexistarik egonez gero.
Berariazko helburu gisara, lortu nahi da, esaterako, komunikazioa hobetzea, erasoen kasuan, ikusgarri eginez egiturazko erroak ez ezik, erasoei aurre egiteko aukerak eta baliabideak ere; komunikabideek zuzen eman dezatela informazioa eraso sexistei buruz; kanpaina hau Nafarroatik at eta sare sozialetan zabaltzea; herritarren informazioa jasotzea bizi izandako egoerei buruz; edo emakumeen kontrako erasoei babesa ematen dieten jarrerak eta diskurtsoak identifikatzea .
Udalak herritarren eskura jartzen dituen baliabideen artean, barne harturik Berdintasuneko, Herritarren Segurtasuneko eta Gizarte Ekintzako alorren ekipamenduak, prentsaurrekoan parte hartu dutenek azpimarratu dute, berriz ere, Gazteluko plazako Informazio Gunearen eta biktimei Gizarte-laguntza emateko Zerbitzuaren garrantzia. Hona gunearen ordutegia: uztailaren 5ean (11:00 –14:00 eta 17:00 – 22:00) eta uztailaren 6tik 14ra (09:30 – 14:00 eta 18:00 – 24:00). Gizarte-laguntza emateko Zerbitzuan 24 orduz egonen da telefono bat funtzionamenduan sanferminetan, eta zerbitzua aktibatuko da emakume batek 112ra deituz gero eraso baten berri emateko; halako kasuetan, beharrezkoa balitz, biktimari laguntza eta arta emateko zerbitzua abiatuko da.
Protokolo bat, lau alor eta garrantzitsuena, biktimari arta ematea
‘Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ estrategiaren barruan berrikuntza nabaria egon da aurten: Udalak protokolo-proposamen bat eratu du, erasoen kasuetan nola jokatu zehazteko, barne hartuta poliziaren esku-hartzea, biktimendako arta eta laguntza eta herritarren zein erakundeen erantzunak. Abiapuntua da erasoa jasan duen emakumea eta haren ingurunea babesteak duela muntarik handiena.
Iruñeko herritarrek eta erakundeek eraso sexistei erantzuteko protokoloa elkarlanean eratu dute udal-alorrek eta Sanferminak Berdintasunean taldea osatzen duten mugimendu sozial eta feministaren ordezkariek, eta kontuan hartu da hura egiterakoan erantzun integral bat artikulatzeko beharra, herritarrak, erakundeak eta mugimendu sozialak elkar hartuta, agerian uzteko eragile publiko eta sozial ororen asmoa, pauso bat aurrera emateko emakumeen kontrako indarkeria mota ororen aurrean. Eraginkortasunean irabazi beharra dago indarkeriari irmoki erantzuteko eta hiriaren jarrera sendoa erakusteko.
Protokoloak bi oinarri ditu. Batean, biktimak babesteko konpromiso finkoaz gain, apustu egiten da halako gertaerei modu zorrotz eta koherentez heltzeko, erasoei oinarri ematen dieten errealitate soziala eta kulturala aldatzen laguntzeko. Bigarrenean, eraso sexisten salaketan modu koordinatuan eta koherentean erantzuteko beharra azpimarratzen da.
Udalaren barne-funtzionamenduari dagokionez, protokolo-proposamenak zuzenean engaiatzen ditu Berdintasuna, Herritarren Segurtasuna, Gizarte Ekintza eta Komunikazioa (Gobernu Gardena). Izan ere, alor horiek osatzen dute Jarraipen Batzorde Teknikoa, non bilduko baitira iturri ezberdinek emandako argibideak eta datuak, gero Babes Zibileko Batzordeari helarazteko. Protokoloak, hain zuzen, Babes Zibileko Batzordea ezartzen du informazio-iturri bakartzat eraso sexisten kasuetarako. Batzordea erakundeen arteko organoa da eta bertan parte hartzen dute, baita ere, Nafarroako Gobernuaren eta Gobernuaren Ordezkaritzaren zerbitzu batzuek. Asmoa da eraso sexisten inguruko informazioa Batzordean zentralizatzea, eta bakarrik iturri hori izatea baliagarria eraso-kasuak baieztatzeko eta erakundeak, elkarteen ehuna eta herritarrak elkar hartuta erantzuteko protokoloa abiatzeko
Hiru agertoki kontenplatuta
Eraso guztiak eraso sexistak direla ulertuta, protokolo proposamenak hiru kategoriatan sailkatzen ditu agertokiak. Lehenengoan “eraso sexistak” sartzen dira, hala ulertuta “emakume baten osotasunaren eta askatasunaren aurka joan eta beldurra eragiten duten jokabide guztiak: irainak, mehatxuak, ukituak, eta izutzea, ikaratzea, behartzea, kontrolatzea, etab. helburu duten ekintzak”. Bigarrenak “sexu-abusu eta -erasoak” barne hartzen ditu, eta protokolo honez bezainbatean, hemen sartzen dira eduki sexualeko delituzko jokabideak, larderia edo indarkeria egon zein ez egon. “Erailketa sexistak eta larritasun handiko agertokiak” da hirugarren agertokia. Hemen sartuta daude “izaera sexista edota sexu-izaera duten ekintza multzoa, zeinaren emaitza emakume biktimarentzat latza baita (heriotza edo zauri larriak). Baita balizko beste agertoki batzuk ere, zeinek haien larritasunagatik egoki egiten baitute agertoki honetarako aurreikusita dauden neurriak hartzea”.
Agertoki hauetako bakoitzerako protokoloak koordinazio-mekanismo batzuk edo beste ezartzen ditu inplikatutako eragileen artean, baita ere erakunde barruko ekintzak, hedapen-ekintzak, eta mobilizazio-ekintzak.