LGTBIQ+ Harrotasun Egunaren karietara, ekitaldi andana antolatu ditu E28 plataformak; aurten, gainera, Iruñeko Udalaren laguntza izan du. "Aniztasun afektibo sexuala eta genero identitateen aniztasuna aldarrikatzea" du xede.
Laura Berro LGTBI eta Berdintasun zinegotziak azaldu du oraindik orain sistema heteropatriarkalak "segi beharreko arauak" eraikitzen dituela eta "handik ateratzen direnek indarkeriari aurre" egin behar diotela.
Nafarroako Gobernuak LGTBI eskubideen defentsan onartutako legea hartu du hizpide Uxue Alvarez Ekainak 28 Plataformako kideak, "aldaketaren adierazle" da, haren hitzetan; dena dela, oraindik orain "kalean lan handia" egin beharra dagoela defendatu du.
Ekimenak, ekainaren 16tik aurrera
Hitzaldiak, mahai inguruak, kontzertuak, zinema emanaldiak... beteta dago Harrotasun Egunaren harira aurkeztutako egitaraua.
- Mahai ingurua: Transa izatea, ederra kontua. Ekainaren 16an, 18:00etan, Kaldereria gelan.
- Hitzaldia: LGTBIQ+ ziberaktibismoa. Ekainaren 19an, 19:00etan, Kaldereria gelan.
- Zineforuma: Arreta. Ekainaren 20an, 20:00etan, Golem Baionan.
- Hitzaldia: LGTBIfobia, kirolean. Ekainaren 21ean, 19:00etan, Kaldereria gelan.
- Zineforuma: Pride. Ekainaren 22an, 20:00etan, Golemn Baionan. Meatzariei sostengua eman zieten lesbiana eta gai taldeetako kideak egonen dira.
- Kontzertua: Las Hickey's eta Kai. Ekainaren 24an, 18:00etan, San Jose plazan.
- Hitzaldia: Intersexualitateak gaur egun. Ekainaren 26an, 19:00etan, Kaldereria gelan.
- Inaugurazioa: LGTBI Zentroa zabalduko dute. Ekainaren 27an, San Gregorio kalean.
Plataformaren zenbait ekimen propio
Udalarekin elkarlanean aritzeaz ez ezik, egitarau propioa ere aurkeztu du Ekainak 28ko Plataformak. Larunbatean, hilaren 24an, herri bazkaria eginen dute, eta sarrerak Zabaldin egonen dira salgai.
Horrez gainera, ekainaren 28an, Harrotasun Egunean, alegia, manifestaziora deitu dute. 19:00etan abiatuko da.