Sanferminak 2017

Zer egonen da aurten Herri Sanferminetan?

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 12a, 07:50

Errekoletak eta O plazan egonen dira Herri Sanferminak-en guneak. Jai eredu "parte hartzaile, herrikoi, euskaldun, feminista, ekologikoagoa, anitza, kulturala eta antikapitalista" defendatu dute.

gitaraua aurkeztu berri du Herri Sanferminak plataformak: herri olinpiadak, bertso emanaldiak, dantzaldia, kontzertuak... uztailaren 7tik 14ra denetarik egonen da Errekoletak eta O plazan, plaza txikien aldeko apustua berretsi dute eta.

"Erdigunean jarraitzeko gure irmotasuna adierazi nahi dugulako, iruindarron kokaleku naturala hori delako, plazaren erdian. Plaza txikietan gune xumeak eraikiko ditugu aurten ere, azken urteetako irakaspenetako bat gune handiek sistema kapitalista heteropatriarkatuaren baloreak erreproduzitzeko erraztasunak ematen dituztela izan delako. Plazek gure baloreak zeharka lantzeko aukera ematen digute eta baita balore hauen normalizazioa lortzeko aukera ere. Eta horregatik plazaren erdian euskaraz libre bizitzeko hautua egina dugu, emakumeak aske bizitzeko hautua, auzolanean, autogestioan, ezberdinen artean eta modu jasangarriagoan jaiez gozatzeko hautua egina dugu", esan dute. 

Herritarrak "protagonista" bihurtuko dituen jai eredu baten alde azaldu dira, era berean: "Baztertuak izan gara urtetan, eta iazko Sanferminetan erdigunera egin genuen jauzia. Baztertuak izatetik plazara salto egin genuen, euskara plazara, emakumeak plazara, gure kultura, gure ohiturak, auzolana… plazara eraman genituen. Lehenengo eta behin, bertakook eskubide osoa dugulako gure jaiak nahi moduan antolatzeko. Eta bigarrenik, mundu mailan ezagunak diren jaien erakusleihoa aprobetxatuta, plazaren erdira eraman genuelako bestelako jai eredu bat. Guztion ahaleginaren bidez egingarria den jai eredu parte hartzaile, herrikoi, euskaldun, feminista bat, eta baita ekologikoagoa, anitza, kulturala eta antikapitalista ere".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!