Euskal Herri osoko hirurogeita hamar alkatek baino gehiagok, tartean Joseba Asiron (Iruñea), Juan Mari Aburto (Bilbo), Eneko Goia (Donostia) eta Gorka Urtaran (Gasteiz), bat egin dute Altsasuko auziaren eskumena Nafarroako Auzitegiak har dezala eskatzen duten ekimenekin, eta kasua, beraz, Nafarroan erabaki dadila eskatu dute, eta ez Madrileko Audientzia Nazionalean.
Udal ordezkari gorenek sostengua adierazi diote auzipetutako hamaika gazteen gurasoek eta legelari eta erakunde ugarik egin duten eskaerari: Ferietako liskarra ez dadila terrorismotzat har, eta, beraz, Madrileko kartzeletan preso dauden hiru gazteak libre utz ditzatela.
Sinatzaileek bat egin dute, era berean, Nafarroako Parlamentuak eta Altsasuko Udalak egindako eskaerekin. Adierazpen instituzional banatan, bi erakundeek euren desadostasuna adierazi zuten gazteen kartzelatzearekin, proportzionaltasuna aldarrikatu zuten, eta auzia Nafarroara ekartzeko exijitu zuten.
Bestalde, hainbat komunikabidetako kazetarik bat egin dute gaur Altsasuko auzipetuen gurasoek deitutako agerraldiarekin. Ahotsa.infok haietako batzuen iritziak bildu ditu.