"Kontsentsu bidez" erabakiak hartzeko eskatu diote Aranzadik eta Ezkerrak Iruñeko Udalari

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 25a, 08:02
Argazkai: Laura Berro (Aranzadi) eta Edurne Egino (Ezkerra).

"Jendartearen eskakizunen neurrira" egoteko eskatu diote, "herritarrek ezin baitute etengabe aldaketak eman daitezen zain egon".

"Jendartearen eskakizunen neurrira" egoteko eskatu diote Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak udalari; horretarako, aldaketarako bost neurri proposatu dituzte: bat, etxebizitza eta kaleratzeen kontrako politikak garatzea, eta horren barruan, tasak ezartzea bankuen etxebizitza hutsei; bi, bazterketa sozialaren kontrako formakuntza, zentro sozio laborala sortzea; hiru, aberastasuna banatzea, udal zerga eta tasetan progresibitatea berrikusiz; lau, kudeaketen kontratazioa eta eraginkortasuna hobetzea; eta, bost, auzoetarako eta hirirako planak egitea, zerbitzuak eta eskaintza publikoa homogenizatuz.

"Epe jakin batean" bete beharreko neurriak dira horiek, izan ere, Ezkerrako zinegotzi durne Eginoren hitzetan, "herritarrek ezin dute etengabe aldaketak eman daitezen zain egon". Ildo beretik jo du Aranzadiko Laura Berrok eta herritarrek "aldaketa gehiago" eskatzen dituztela defedatu du.

"Gobernu krisiaren" jiran

"Gobernu krisia" zegoela salatu zuten bi alderdiek maiatzaren 10ean. Gaur, hala ere, aldaketarekin "konprometituta" daudela berretsi dute. Gauzak horrela, bi urteotan izandako aldaketak zerrendatu ditu Aranzadiko zinegotziak: "Udal etxebizitzak zaharberritu dituzte, etxeko arreta zerbitzua, sukaldeetakoa, haur eskoletako garbiketena eta ingurumen heziketarako museoarena publifikatu... berriz eta herritarren parte hartzeak gora egin eta zentralitatea berreskuratu du".

Orain, "hausnarketarako garaia" dela esan dute bi zinegotziek: atzo izan zuten bilera EH Bildurekin eta Geroa Bairekin eta, bost puntu horiek aurkezteaz gaindi, hiru hilabetetik behin akordio programatikoari begirako biltzea eskatu zieten.

"Akordio programatikoa berrestea, gardentasun gehiago egotea eta udala sostengatzen dauden lau taldeak aukera berdintasunean egotea" aldarrikatu dute, halaber.

Erabakiak "kontsentsoetan" hartu behar dira Aranzadi eta Ezkerraren aburuz, "ez gehiengoen arabera", eta, hain justu, hala hartzen ari direla kritikatu dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!