Hurrengo hiru asteazkenetan euskarazko haur-programazioa Ziudadelan

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 22a, 19:17

Maiatzaren 24n eta ekainaren 7an eta 12an izanen dira emanaldiak 18:00etatik aurrera. Aste honetan Patata Tropikala konpainiak Kondaira baten truke eskainiko du.

Iruñeko Udalak antolatutako zikloa asteazken honetan hasiko da, maiatzaren 24an. Kondaira baten trukeren protagonista natura da, eta kontatzen du naturako bizilagunak urtero elkartzen direla marrubizko tarta erraldoi bat jateko, nabarmen utzita zeinen bizirik eta osasuntsu dagoen natura. Tarta prestatzen duten bitartean, Izarrek kondairaren pasarte batzuk irakurtzen ditu: "Duela urte asko, natura sortu zenean, harekin bat Izaro eta Kixmi jaio ziren. Natura zaintzeko konpromisoa hartu zuten, eta, horregatik, egun, haien birbiloba Izar eta Kixmik dute hura zaindu eta marrubizko tarta egiteko ardura". Baina, zer gerta liteke urteren batean tarta garaiz egin ezean? Erantzuna, maiatzaren 24an, asteazkenean, Ziudadelan, Patata Tropikala taldearen eskutik: Iker Etxarri (zuzendaritza eta atrezzoa), Judith Poves (aktorea eta jantziak), Maite Perea (aktorea) eta Silvia Baltasar (jantziak). Sarrera librea da.

Patata Tropikala Teatro Antzerki Laborategia familiendako antzezlanak egiten dituen konpainia bat da. Maskarak, txotxongiloak eta keinu bidezko antzerkia dira haren ikuskizunen oinarria, non dekoratuak eta arte plastiko ezberdinak nahasten diren magia, mimo eta malabareekin. Gaur egun, Iruñeko Ziudadelan antzeztuko dutenaz gain, beste lau dituzte ikusgai: Baso sorgindua, Zapata gorriak, Amona Joxepa eta Pirata garrapata.

Ziudadelan Jostaketan zikloak beste jarduera bat ekarriko du ekainaren 7an, 17:00etan, Ziudadelara, Dindaia Fundazioaren eskutik: Dindaikale, jolas eta tailerrak, "kale" dibertigarri eta berezi bat, sormena eta elkarlana lantzeko jolas eta lantegi berritzailez betea.

Amaitzeko, ekainaren 21ean, asteazkenarekin, 18:00etan, Kiki, Koko eta Moko pailazoak izango dira Ziudadelan, Txintxilintxin bakea egin ikuskizunarekin, non ikusleen laguntza izango duten "bakearen atea" babesteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!